Gripearen txerto kanpaina urriaren 13an abiatu da

Goizalde URDANPILLETA 2008ko urriaren 16a

Mari Jose Indaburu Etxalarko medikuak eman digu gripearen aurkako txerto kanpainaren berri. TTIPI TTAPA

19.558 gripe kasu eman ziren iaz

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak urriaren 13an gripearen kontrako txerto kanpaina hasi zuen. Urtero sasoi honetan egiten da eta bereziki 60 urtetik goitiko pertsonei, etxebizitza tutelatu eta erresidentzietako bizilagunei eta eritasun kronikoak dituzten pertsonei bideratua dago. Era berean, osasun zerbitzuek neumokoziko txertoa jartzen diete 65 urtetik gorako pertsonei eta arriskua duten eriei.

Arrisku taldeak

Osasun departamentuak talde honetan dauden eriak animatzen ditu eta normalki artatuak izaten diren tokietara jotzeko gomendioa ematen dute argibideak jaso ahal izateko. Hau dela eta, “Gripearen aurrean: txertatu!” izeneko argibide kanpaina martxan jarri du eta txertaketa gomendatua duten taldeei beharrezko informazio guztia ematen zaie. Era berean, gripearen kontrako txertoa hartzea gomendatzen zaie honako taldeei: aspirina tratamendu luzea hartu dutenei, gizarte zerbitzuetako langileei, hala nola, polizia, suhiltzaileak, irakasleak…eta atzerrira bidaiatzean gripearengatik konplikazioak jasan ditzaketenei.

Iaz kasik 20.000 gripe kasu eman ziren

2007-2008 sasoian Nafarroan 19.558 gripe kasu eman ziren. Nafarroan gripearen behaketarako sarea lanean hasi zen pasa den astean eta bere funtzioa Nafarroan gripearen intzidentzia ebaluatu eta detektatzea da. Kanpaina martxan jarri zen lehen astean, urriaren 6tik 12an, 4 kasu eman ziren eta horrek suposatzen du ehun mila biztanleko 5,6 kasu eman zirela. Zentinela Sarea urtero aktibatzen da urritik maiatzera eta 11 pediatrek, 58 medikuk eta erresidentzietako 2 medikuk osatzen dute. Sare honek 88.610 pertsona artatzen ditu. Dena dela, txertaketa kanpaina honen berri eman digu Mari Jose Indaburu Etxalarko medikuak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun