Sendagai generikoak erabiliz, gastua dezente murriztuko dela dio Irachek

TTIPI TTAPA 2008ko urr. 16a, 17:22

Prezioan alde haundia dago generiko eta ez generikoen artean

Krisi hotsa somatzen da azken aldian han eta hemen. Ez, ordea, kontsumitzaileen artean bakarrik, Administrazioak ere nabaritu baitu. Nafarroako Gobernuak, erraterako, aurten diru-sarrerak murriztu zaizkiola adierazia du eta horri aitzin egiteko neurri batzuk hartu beharko dituela. Horietako bat da, hain zuzen, Irache Kontsumitzaileen Elkarteak proposatutakoa, eta hurrengo lerroetan azalduko duguna.

Konposizio bera, baina markarik gabea

Irachek sendagai generikoak erabiltzeko deia luzatu du. Konposizio bera duten botikak dira sendagai generikoak eta seguruak, baina markarik gabeak, eta gainera, ezagunak direnak baino merkeagoak dira. Osasun Departamentuaren aurrekontuaren %20a farmaziako gastuei dagokie, urtean 170 milioi euro. Iracheren ustez, sendagai generikoak erabiliz, gastu hori murriztu eginen litzateke. CIES erakundeak Iracheri egindako ikerketa baten arabera, herritarren %82ak sendagai generikoak ezagutzen ditu, eta %88ak ongi ikusten ditu. Gainera, kontsumitzaileen %32ak sendagai generikoak emateko eskatzen dio mediku edo farmazialariari.

Sakelari mesede

Beraz, marka eta izen ezagunak alde batera utzi, eta ahal den neurrian sendagai generikoak erabiltzeko aholkatu du Irachek, eta farmazialari edo medikuari horrelako botikak eskatzeko ere aholkatu die herritarrei, sakelari mesede eginen diola iritzita. Irachek zenbait sendagairen prezioak ere jakinarazi ditu, generikoak direnen eta ez direnen artean konparazio bat egiteko. Zenbaitetan prezioan dagoen aldea %90ekoa da generiko eta ez generikoen artean. Irachek utzitako datuekin ondoko taula hau osatu dugu iraileko prezioekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun