Igande honetan, urriaren 19an, Iruñean ospatuko da aurtengo Nafarroa Oinez-a. Jaso Ikastolak antolatu du aurtengo ospakizuna, “Atera ezazu mihia” izenburupean eta urtero bezala hainbat ekitaldi izanen dira sei gunetan: Mendebaldean, Miluzen, Sanduzelain, Argan, Biurdanan eta Donibanen.
Garraio publikoa erabiltzeko aholkua
Urtero bezala, Iruñera garraio publikoan joateko aholkua eman dute eta ildo horretatik, Bera, Lesaka eta Baztandik autobusak antolatu dituzte. Tuteratik eta Irundik tren bereziak ere izanen direla azpimarratu dute. Baztan-Bidasoa aldetik autoan joaten direnendako aparkalekua Decathlonen eta Gipuzkoa etorbidearen bi aldeetan, Buztintxurin eta Artika Berrin izanen da aparkalekua. Leitzaldetik doazenentzat berriz, roski hipermerkatuan izanen da aparkatzeko tokia.
Musika, ikuskizunak eta bertze hainbat ekitaldi
Nafarroa Oinezen entzungai izanen diren taldeen artean, Trikizio, Tapia eta Leturia, Trikidantz, Oskorri, Betagarri, Txutxin Ibañez eta Ciudad de Mexiko mariatxia, Kerobia, Ezinean, Hesian, Akatu, Esne Beltza, Jalisco Band, Gozategi, Leitzako txistulariak eta bertze hainbertze daude. Bertze ikuskizunen artean, Zurgai herri kirol taldea, Beozu, belatzekiko ehiza, poney eta zaldiak, puzgarriak, eta txapa tailerra, taloen tailerra helduentzat edo rokodromoa ere izanen dira. Erran beharrik ez da, sei gunetan, jateko eta edateko txosnak paratuko direla.