Urteroko ohitura segituz, urriko hirugarren aste hondarra berezia izanen da Etxalarren. Aspaldiko besta handiari segida emanez, Usategietako Igandea ospatuko da urriaren 19an, gazte nahiz helduentzako hainbat ekitaldirekin, bai larunbatean, bai igandean.
Patata tortilla txapelketa
Larunbatean, urriak 18, 18:30ean aitzineko urteetan hainbertzeko arrakasta izan duen patata tortilla txapelketa eginen da plazan, aurten laugarren aldiz. Parte-hartzaileek 3 laguneko taldeetan eman beharko dute izena eta taldea bera arduratuko da osagaiak eta behar diren tresnak (sua, trapuak, platerak…) frontoira eramateaz eta ondotik biltzeaz. Izena emateko epea ortzegun honetan, urriak 16, akabatuko da eta Elutsa, Herriko edo Anttonion egin beharko da. Beti bezala, 2 maila bereiziko dira txapelketan, 16 urtetik beheitikoena eta 17 urtetik goitikoena. Hainbat sari emanen dira; tortillarik onenari, txarrenari, originalenari… Txapelketako sari-banaketaren ondotik, Zupirre fanfarreak plaza bazterrak alaituko ditu. Giroak eta umore onak ez dute hutsik eginen.
Usategietako Igande Bezperako afaria
Aitzineko urteetan afaria frontoian bertan egin bada ere, aurten Anttonion eginen dute gazteek afaria. Izen ematea urriaren 17a baino lehen egin beharko da Elutsan, Herrikon edo Anttonion bertan.
Usategietako Igandea
Eguraldiak laguntzen badu, denbora bateko ohitura mantenduz, goizean goizetik Iharmendiko gainetan hasiko da eguna. Garai batean han izaten zen besta, eta oraindik ere jende aunitz hurbiltzen da Usategietara, harat-honatean ibili eta zorte pixka bat izanez gero, usoak saretan nola harrapatzen dituzten ikustera. Arratsaldean, herrira jautsiko da besta eta 17:00etatik aitzinera kale animazioa izanen da haurrentzat. Detraka taldearen eskutik, Txikiglub emankizuna ikusteko aukera izanen da. Talde hau plazan eta inguruko karriketan ibiliko da hankaluze eta bertzelako panpinekin, musikaz lagundurik. Ondotik, dantzaldia izanen da Joselu Anaiak taldearekin. Urtero bezala, ilunabarreko 8etan Altxata Kultur Elkarteak 12 usoren zozketa eginen du.