Larunbat honetan, urriaren 18an, jokatuko da Altsasun Euskal Herriko hirugarren mailako aizkolari txapelketaren finala. Arratsaldeko 6etan izanen da hitzordua Altsasuko Iortia Kultur Gunearen aitzinean eta euria eginen balu, Burundi frontoian.
Jexux Etxeberria Patxi Mindegiaren ordez
Patxi Mindegia ez da ariko finalean, izan ere, ezintasun fisikoa duela jakinarazi du ofizialki, mediku agiria eraman du Nafarroako Federaziora. Mindegiak irailaren 28an lortu zuen larunbateko finalean aritzeko txartela, baina erran bezala, ez du jokatuko. Bere ordez, Jexux Etxeberria Beintza Labaiengoa ariko da. Etxeberria hirugarren sailkatu zen hirugarren kanporaketan, eta berari dagokio finalean aritzea eta baiezkoa eman du dagoeneko.
Bi lehenbizikoak bigarren mailara
Beraz, Bizakiako Dimako Aitzol Atutxa, Ander Erasun aurtiztarra, Asier Pellejero aresoarra, Gipuzkoako Mutrikuko Aratz Mugertza, Raul Castro urroztarra eta Beintza-Labaiengo Jexux Etxeberria izanen dira finalean.Finalean egin beharreko lanari dagokionez, hiru kanaerdiko eta bi 60 ontzako enbor moztea izanen da. Lehen bi sailkatuak mailaz igoko dira eta datorren urtean Euskal Herriko bigarren mailan arituko dira.