Nafarroako Gobernuko suhiltzaileek 94 esku-hartze egin behar zituzten iaz, su hartu zuten tximiniak zirela-eta. Urtero, udazkenetik aitzinera, suhiltzaileek hainbat ateraldi egin behar izaten dituzte tximinietako suteak direla-eta. Baina larrialdi horietako gehienei aurre hartzea errexa izaten da, lurreko sua edo sukaldea duten etxeetan neurri sinple batzuk hartuz gero.
Horregatik, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Larrialdietako Agentziaren bidez, zenbait gomendio eman nahi dizkie beheko sua edo sukaldea duten etxeetako biztanleei, suteak saihesteko eta ustekabeko suteetan etxeek eta bertan bizi direnek kalte handirik ez jasateko.
Tximiniaren tiroa urtero garbitu
Honela, sua maiz pizten bada, tximiniaren tiroa urtero garbitu edo lan hori mantentze lanak egiten dituen enpresa bati agindtzea gomendatzen du eta hodiaren paretetan itsatsita dagoen kedarra guztiz kentzea.
Egur lehorra eta gogorra
Ahal izanez gero egur lehorra erre behar da, egur hezeak baino kedar gutxiago sortzen baitu. Motel hazten diren espezietako egur gogorrak, haritza eta artea, bertzeak bertze, bizkor hazten diren espezietako egur bigunak baino kedar gutxiago sortzen du. Gainera, egun gogorrak bero ahalmen handiagoa du.
Ongi aireztatutako gela
Beheko sua edo sukaldea dagoen gela ongi aireztatzea komeni da. Izan ere, suak oxigenoa kontsumitu eta karbono monoxidoa sortzen du. Ongi aireztatuz gero tximiniaren tiroa edo kearen mugimendu naturala hobea izanen da, eta karbono monoxidoa kanporatu eginen da.
Beheko suaren aitzinean ez da alfonbrarik edo aulki baten gainean lehortzeko arroparik paratu behar eta erre daitekeen edozein gauza, altzariak erraterako, sutik metro beteko gutxieneko tartera paratu behar da.
Lotara joan aitzinetik, sua itzali
Gauez, lotara joan aitzinetik, sua itzaltzea komeni da, izan ere lotan gaudela sutea piztuz gero babesik gabe egonen baikara. Su detektagailu bat edo babes pantailak jartzea zuhurtasun neurri bikainak dira.