Denboraldi honetako azken karrerak egin zituen urriko lehen aste hondarrean Doneztebeko Javier Mariezkurrena kamioi gidariak. Madrilgo Jarama zirkuituan 38.000 ikusle bildu ziren Europako Zirkuituko kamioien Formula 1 lasterketak ikustera. Horietako aunitz Euskal Herriatik eta bereziki Bidasoaldetik hurbildutakoak ziren, Mariezkurrena eta Ederki tailerreko eskuderia animatzeko intentzioarekin. Guzira 35 kamioiek parte hartu zuten lasterketetan.
Urriaren 4 eta 5eko asteburuan Jaraman
Asteburua eguraldi onarekin hasi zen, nahiz eta egunsentiko hotzarekin udazkenean sartuak gaudela somatu. Urriaren 4ko, larunbateko lehenbiziko karreran hamabigarren postua eskuratu zuen Mariezkurrenak eta hamargarrena kopako bigarrenean. Emaitza onak izan ziren, kontuan hartuz, kamioiak suspentsio arazoekin segitzen zuela, baleztak egiteko beharrezko material berezirik topatu ez zutelako. Igandea, urriaren 5a ere eguzkitsua izan zen, nahiz eta goizean hotza somatu. Lehenbiziko karreran meritu handiko bederatzigarren postua lortu zuen Mariezkurrenak, garai honetan honelako emaitza nekez lortzen baita. Larunbat gauean zenbait moldaketa egin ondotik, kamioia hobekiago zebilen. Bigarren karreran, berriz, hamabigarren postua eskuratu zuen Doneztebeko taldeak. Autoblokantearekin arazoren bat izan zuen kamioiak eta azkeneko itzulian olio-putzu bat zanpatu ondotik tronpoa egin zuen kamioiak eta posturen bat galdu zuen.
Espainiako txapelketan bigarren, Europakoan hamalaugarren
Asteburu horretan bi aldiz igo zen Javier Mariezkurrena podiumera. Larunbatean, Espainiako txapelketan azpitxapeldun izateagatik eta bertze horrenbertze igandean. Azkenean, beraz, Espainiako txapelketan bigarren izan da Javier Mariezkurrena, Antonio Albaceteren ondotik. Biek Man kamioia gidatu dute. Hirugarren postua Mercedesa gidatzen zuen Jose Bermejorentzat izan zen. Europako txapelketan, berriz, hamalaugarren postua eskuratu du Mariezkurrenak eta Ederki taldeak. Europan, Bugyra gidatzen zuten David Vresky eta Markus Bosiger izan dira onenak eta Antonio Albacete berak osatu zuen podiuma.
Balantze baikorra
Halere, balantze positiboa egin du Doneztebeko eskuderiak, kontuan hartuz ekainean izandako istripuaren ondorioz, bi karreretan ez zutela parte hartzerik izan eta ondokoetan, lanik handiena kamioia punttuan jartzea izan. Heldu den urteari begira, konpetizioan segitzeko gogoz daude bai gidaria, baita taldea ere eta aurrekontua estaltzeko, berriz ere laguntzaileen premia izanen dute. Horregatik, aurtengoan patrozinatzaile lana bete duten Transportes Bidasoa, Reyno de Navarra, Eurocam-Man Pamplona, Alcoa, Konr-Bremse eta Seicarren babesa eskertu nahi izan dute. Igande gauean, denboraldia agurtzeko afaria izan zuten Madrilen eta Europako karreretan parte hartzen duten talde guziek elkarrekin ospatu zuten, FIAk antolatutako jaialdian. Denboraldiko sariak ere bertan banatu zituzten.