Malerrekako mediku zerbitzua bermatzea eskatu dute Ituren eta Zubietako alkateek

TTIPI TTAPA 2008ko urriaren 13a

Ordezkapenak egiteko osasun langilerik ez dagoela salatu dute

Patxiku Mitxelena Zubietako alkateak eta Miguel Angel Petrirena Iturengo alkateak, ohar bidez, Malerrekako mediku zerbitzua bermatzeko exijitu diote Nafarroako Gobernuari.

Ordezkapenak egiteko langilerik ez

Malerrekan, lehen arretako zerbitzuak lau kupotan daude banatuak: Sunbilla, Doneztebe, Ituren eta Beintza-Labaienen. Lau mediku eta pediatra bat daude eta ordezkapenak egiteko ez dago langilerik. Mediku titularrek arazoak dauzkate oporrak, bajak, permisoak eta horrelakoak hartzeko garaian, ordezkorik ez dagoelako. Gainera, titular baten faltan, bertzeek bi kupo elkartzen dituzte eta Donezteben hartzen diete guztiei kontsulta, herrietako kontsultategiak, denbora horretan, itxiz.

Gaixoak Doneztebera mugitzera behartuak

Gaixoak Doneztebera mugitzera behartuak daudela aipatzen dute Ituren eta Zubietako alkateek oharrean. Egoera honen aitzinean, arazoari konponbidea emateko eskatu diote Udalak Gobernuari, eta herritarrei, berriz, kaltetuak direnean erreklamazio orriak betetzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun