Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikabidetako Departamentuak jakinarazi duenez, urriaren 13tik 19rako aste honetan Belate, Almandoz eta Oieregiko tuneletan zenbait lan eginen dira eta horrek eragina izanen du trafikoan.
Errate baterako, Almandoz eta Belateko tuneletan, 32 kilometro inguruan txandakako bidea eman dute urriaren 12tik 13rako gauean, bentiladoreak errebisatu behar zituztelako. Urriaren 14tik 15erako eta 15etik 16rako gauetan, astearte eta asteazken gauetan alegia, bi tunel hauek erabat itxi eginen dira eta trafikoa Belateko portutik, N-1210 errepidetik desbideratuko da.
Oieregiko tunelari dagokionez, urriaren 15etik 16rako gauean, asteazken gauean itxi eginen da 41,750 kilometro inguruan eta ibilgailuek Oronoz-Mugairi eta Narbartetik pasatu beharko dute.
N-121B errepideari dagokionez, Azkazkorroko tunela itxi eginen dute urriaren 16tik 17rako gauean, ortzegun gauean, hemen ere bentiladoreak errebisatu behar dituztelako.
Endarlatsan astearte eta ortzegunean bi orduz itxiko da errepidea
Aste honetan ere, zenbait egunez mozten ari dira N-121A errepidea, zabaltze eta egokitze lanen barrenean leherketak egin behar direlako. Endarlatsa inguruan, Nafarroako aldean, errepidea erabat moztuko da astearte eguerdian, 12:00etatik 14:00etara, 67garren kilometro inguruan. Astelehenean, urriaren 13an, Gipuzkoa aldean itxi da errepidea, bi orduz, 72garren kilometroan eta leku berean, bertze bi orduz itxiko da errepidea ortzegunean, urriaren 16an, 12:00etatik 14:00etara.
Txandakako pasabidea
Berrizaun inguruan, ez da mozketarik izanen aste honetan, baina egunero bezala, bertze hainbat zatitan txandakako pasabidea emanen da, batzuetan seinaleen bidez eta bertzeetan semaforoen bidez, errepide honetako obrengatik, goizeko 8:00etatik arratsaldeko 19:00etara. Horregatik, bidai luzea dutenek A-15 autobidea erabiltzea eta bertzenaz, ordezko bideak aukeratzea aholkatu dute Nafarroako Gobernutik, baita kontuz eta seinaleak errespetatuz ibiltzea. Nafarroako errepideei buruzko informazio eguneratua topatu daiteke www.cfnavarra.es/obraspublicas web orrian edo 900 400 100 doaneko telefono zenbakian.