Doneztebeko Txistu Egunean 51 txistulari elkartu ziren

Goizalde URDANPILLETA 2008ko urriaren 28a

Txistulariek karrikaz karrika hedatu zituzten beraien doinuak. TTIPI TTAPA

Heldu den urtean Arantzan izanen dute hitzordua

Larunbatean, urriaren 11an, Donezteben txistu eguna ospatu zen. Txistu eguna txistularien topaleku da eta txistulariak elkartu eta ezagutzeko helburua du egun honek. Lehen aldiz Txistu eguna Beran ospatu zen 1996. urtean eta ordutik, urtero-urtero elkartu dira Elizondo eta Lesakan. Larunbatean lehen aldiz Donezteben ospatu zen txistu eguna eta antolatzaileak urduri zeuden dena ongi ateratzeko ilusioa baitzuten.

51 txistulari

Hasteko, eguraldiak bere aurpegi dotoreena erakutsi zuen larunbatean eta horrek denen animoa piztu zuen. Larunbatean, Lesaka, Arantza, Bera, Noain, Lizarra, Iruña, Donostia eta Doneztebeko txistulariak elkartu ziren. Goizeko 9:30ean hitzordua paratu zuten Merkatuko plazan eta txistulariak poliki-poliki hurbiltzen joan ziren multzo ederra osatu bitarte. Denetara 51 lagunek parte hartu zuten txistu egunean. Eguneko lehen ekitaldia, kalejira izan zen. Merkatuko Plaza abiapuntu izan zuten eta handik 7 Gurutze auzora jo zuten. Hango plazan pausaldia egin zuten eta bideari ekin zioten. Elizagibela, egurrezko zubia, Intzakardi parkea eta Santa Maria jatetxean bukaera. Kalejiran San Juan eta Xaxu konfiteroa piezak jo zituzten.

Gosaria eta txistu poteoa

Behin Santa Maria jatetxera iritsita, gosari ederra izan zuten. Indarrak berreskuratu eta eguneko bigarren faseari ekin zioten, alegia, txistu poteoari. Kasu honetan talde bakoitzak pare bat pieza jo zituen pausaldi bakoitzean. Ameztin Iruñekoek 2 pieza eskaini zituzten eta Jose Ignacio Ansorena eta Jon Irazokik bertze emanaldi labur bat egin zuten. Ondoren, El Cafe ostatu parean gauza bera egin zuten Lesaka eta Doneztebeko txistulariek. Segidan, bertze itzulixka bat eman zuten herrian barna eta hala, elizatik abiatuta Kale Nagusia zeharkatu zuten, Udaletxe aitzinetik pasatuz. Goizari bukaera bikain bat emateko, Santa Maria jatetxean otordu ederra izan zuten musikariek. Ondotik, eta egitaraua zertxobait osatuz, Lesaka eta Doneztebeko taldeko partaideek berriz ere txistu poteoa egin zuten eta azken itzulia gaueko 23:30ean egin zuten. Beraz, egun ederra ospatu zuten eta bukatzeko ez zuten inolako gogorik gazte hauek.

Heldu den urtean Arantzan

Doneztebeko txistu taldea izan da aurtengo txistu egunaren antolatzailea. 20 lagun inguru biltzen dira taldean eta partaideak 10 urtetik hasi eta 30 urte pasatakoak dira. Normalki, hauetatik 6 bat lagun elkartu eta inguruko herrietako bestetan jotzen dute, hala nola, Elgorriaga edota Oitzko bestetan. Era berean urtero-urtero Doneztebeko bestak baino 4 aste lehenago herriari itzulia ematen diote. Txistu zaletasuna mantentzen dela garbi ikusi zen larunbatean, eta dagoeneko hurrengo urterako hitzordua paratu zuten. Ez bada bestelako aldaketarik heldu den urtean Arantza izanen da topaleku. Normalki, beti data berean izaten da txistu eguna eta aurten gutxienez, eguraldia musikaren laguntzaile bikaina suertatu da. Doneztebeko txistu taldeak eskerrak eman nahi dizkie parte hartu zuten txistulari guztiei eta bereziki Jose Ignacio Ansorena txistulari famatuari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun