Igande honetan, urriak 19, jokatuko da III. Mailako Euskal Herriko Aizkora Txapelketako finala. Guztira sei aizkolarik neurtuko dituzte indarrak, finalaren aitzinetik jokatu diren hiru kanporaketetako bi lehendabizikoak. Seitik lau eskualdeko aizkolariak dira: Ander Erasun aurtiztarra, Asier Pellejero aresoarra, Raul Castro urroztarra eta Patxi Mindegia zubietarra. Eurekin batera finalean izanen direnak Aitzo Atutxa (Dima, Bizkaia) eta Aratz Mugertza (Mutriku, Gipuzkoa) dira.
Azken kanporaketa Urrotzen
Herriko San Migel besten barne, Urrotzen erabaki ziren igandeko finalean izanen diren azken aizkolarien izenak. Guztira 11 aizkolari aritu ziren, hiru txandatan banatuak. Bakoitzak launa kanaerdiko ebaki behar izan zituen.
Castrok eta Mindegiak egin zuten denborarik onena, 10:27 eta 10:39, hurrenez hurren. Gainerakoan, Urrotzen aritu ziren aizkolarien artean Jexux Etxeberria (Beintza-Labaien) eta Xabier Ariztegi (Etxalar) daude. Beintza-Labaiengoa hirugarren sailkatu zen eta Xabier Ariztegi etxalartarra zortzigarren.