Floren Nazabalek laugarrenez irabazi du Nafarroako Maila Nagusiko Aizkora Txapelketa, urriaren 5ean jantzi zuen txapela jaioterrian, Etxarri-Aranatzen. Lehen enborretik hartu zuen probaren burua, eta horrela segitu zuen bukaera arte. Azkenean, 2 minutu eta 54 segundoko aldea atera zion Donato Larretxea bigarren sailkatuari. 26 minutu eta 32 segundu behar izan zituen Nazabalek lana bukatzeko eta 29 minutu eta 26 segundu Larretxeak. Hemezortzigarren Nafarroako Txapelketak, ez zuen neurriz kanpoko lehiarik izan lehen posturako, Nazabalek hirugarren egurrerako erakutsi baitzuen txapela janzteko moduan ari zela.
Hirugarren postua lortzeko lehia izan zen. Miel Mindegiari lehor samarra atera zitzaion bigarren oinbikoa, eta bi ezpaletara ebaki behar izan zuen. Egoera hori baliatu zuen Juan Jose Lopezek, eta azken aitzineko enborrean, 16 segundoko aldea atera zion Lopezek Mindegiari. Azkenean, hirugarren sailkatu zen Lopez. 30 minutu eta 29 segundu behar izan zituen lanak bukatzeko. Mindegia laugarren izan zen 31 minutu eta 4 segunduko denborarekin. Eta Antonio Senosian bortzgarren sailkatu zen. 38 minutu eta 31 segundutan bukatu zuen lana. Aizkolariek hamar pago-enbor ebaki behar izan zituzten: lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko. Lehen aldiz txapelketa ofizial batean aizkolari bakoitzak bere laguntzailea eduki zuen ondoan, eta hori nabarmentzeko modukoa izan zen, goiko mailakoak izan arren, aizkolariei mesedea egiten baitiete. Euskal Erriari pilotalekura 300 lagun hurbildu ziren.