Egun borobila. Halaxe izan zen irailaren 27a Fernando Etxegarai Berako kirolariarentzat. Bi txapel jantzi zituen egun berean: mendi lasterketetako Euskadiko Kopa jantzi zuen goizean Olazagutin eta Nafarroako Koxkor-Biltze Txapelketakoa arratsaldean Igantzin.
Laugarren saioa Olazagutikoa
Lau proba puntuagarri jokatu ondotik jantzi zuen Etxegaraik mendi lasterketetako Euskadiko Kopako txapela. Azpeitian (Gipuzkoa), Baigorrin (Nafarroa Beherea) eta Zornotzan (Bizkaia) jokatu ziren Kopako lehendabiziko hiru saioak. Hirurak irabazi zituen Etxegaraik. Olazagutia - Urbasako mendi lasterketa izan zen jokatu beharreko azken proba, baina hemen, orkatila bihurritua izaki, ez zituen nahi bezala egin lanak. Halere, sailkapenean bortzgarren helmugaratu zen, 4:58ko denbora egin ondotik. Denbora guztiak aintzat hartuta, Etxegarai da aurtengo txapelduna.
Igantzin koxkor-biltzen
Arratsaldean, berriz, Nafarroako Koxkor-Biltze Txapelketa jokatu zen Igantzin eta orkatila bere onenean ez izanagatik ere, aitzineko aldietan bezala, Etxegarairentzat izan zen garaipena. Aurtengo Euskal Herriko Txapelketa ere berak irabazi zuen, eta Igantzin Nafarroakoa bereganatu zuen. 50 koxkor-biltzeko sei minutu eta 4 segundo behar izan zituen beratarrak. Bigarren sailkatua Patxi Irazoki igantziarra izan zen (06:08) eta Andoni Lasaga etxalartarra laugarren gelditu zen sailkapen nagusian (06:41).