Piarres Larzabalek idatzitakoa antzerki batean ikusteko aukera paregabea izanen da heldu den igandean. Paregabea, eta ezin dena huts egin momentuz bertze emanaldi bat baizik ez baitu aurreikusi Haize Berri taldeak. Hura Anhauzen (Baxe Nafarroa) izanen da hilabete hondarrean.
Antzerkia 17:00etan hasiko da Lur Berri gelan. Ander Lipus zuzendaritzapean 18 aktorez osatutako taldea arituko da. Ikastolako euskara taldeak antolatu du gure hizkuntzaren erabilera sustatu nahian.
Nafarroa Karlomagnoren tropek okupatzen dutela gertatzen da Ibañeta. Batzuek okupatzailearen kontra egiten dute, eta bertzeek, berriz, harekin lan. 778.urtean euskaldunek Orreagan eskuratu zuten garaipenean oinarrituz, Aita Larzabalek 1968. urtean idatzi zuen, Frankismoaren kontrako euskaldunen erresistentzia armatua berpiztu zelarik. Aktoreen arabera, 40 urte beranduago istorioak gaurkotasunaren itea dauka, haien ustez, euskaldunek ez baitute aterabide bat atzeman herri nortasuna galderari erantzun ahal izateko, eta oraindik ere borroka armatuaren burrunbek segitzen dutelako. Lipusek dioenez antzerki aproposa da egoerari buruz gogoetatzeko