Ura eta Urdazuri ibaia dira zizelkarien lehen topaketako ardatz nagusiak

TTIPI TTAPA 2008ko urriaren 10a

Jean Jacques Abdallah okzitaniarra, Christiane Giraud uztariztarra eta Jean Escaffre senpertarra lanean ari dira egun guziz errebotea eta Gantxiki ondoan. Argazkian Yann Liebard betroina falta da egun

Obrak urri hondarrean estrenatuko dituzte Urdazuri bazterreko baratzean

Urdazuri ibaiak kalteak sortzen ditu maiz, ura bere bidetik ateratzen delarik. Dena den, ura beharrezkoa da, eta aberastasuna eta bizia ematen du. Ideia hauek kontuan hartuz, zizelkarien lehen topaketa hasi da buruil hondarrean. Lehen hitzordu honetan, lau artistak parte hartzen dute: Jean Escaffre senpertarrak, Christiane Giraud uztariztarrak, Jean Jacques Abdallah okzitaniarrak eta Yann Liebard betroinak. Hiru gizonek Arudyko marmola lantzen dute. Giraudek, aldiz, Larrungo harriarekin lan egiten du. Harriaren gainean Auxtin Zamora Senpereko olerkariaren testu bat zizelkatuko du gainerat Uztaritzeko harri egileak.

Urriaren 26a arte lanean

Buruilaren 29an hasi zen topaketa urriaren 26an bururatuko da. Lau artistak egun guziz ari dira lan eta lan Gantxiki kiroldegiaren ondoan. Lanak bururatuko dituztelarik, eliza ondoan eta Urdazuri ibaiaren bazterrean sortzen ari den baratze publiko berrian ezarriko dituzte lau obrak. Natura gelditu gabe mugizten den bitartean, sekulan mugitzen ez diren harriek parke berria edertuko dute…

Jean Escaffre: aspaldiko artista

Jean Escaffre zizelkari senpertarra Xerrenda aldean bizi da, Martxixenea etxean. Pariseko hiru eskolatan ikasi zuen bere lanbidea, Grande Chaumière akademian, Louvre eta Arte Ederren ikastetxeetan. 1973az geroztik, bere zaletasuna da espiritu garaikideen mugimendua aztertzea eta hori erakustea harriak landuz. Bere ustez, harriari ematen zaion golpe bakoitzean iraganaren parte bat erortzen da eta forma berria sortzen da. Horrez gain, egurra eta marmola ere lantzen ditu. Iturriak eta hilharriak ere prestatzen ditu. Bere lanak Frantzian, Alemanian, Brasilen eta Japonian ikusten ahal dira. Duela hiru urte oroitarri bat egin zuen Kanbon Michel Labéguérie horko auzapez eta euskaltzale zenaren omenez. Orain, bere azken lana Senpereko elizaren ondoan ezarriko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun