Etorkinei harrera egiteko programa abiatu du UEMAk

TTIPI TTAPA 2008ko urriaren 10a

Euskal Herrira datozen etorkinak gizarteratzeko helburuarekin, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak etorkinei harrera emateko informazioa paratu du eskura bere 55 udalerrietan. Eskualdean, Arantza, Areso, Goizueta, Leitza eta Zubietan landuko da. Eskuorri horiekin, etorkinek eman beharreko pausoen eta dauzkaten zerbitzuen berri jasoko dute. UEMAk udal bakoitzarentzat prestatu dituen karpetetan, alde batetik, etorkinei nora etorri diren erakutsiko zaie. Ongietorria ematen dien testua bi hizkuntzatan egina dago, euskaraz eta errumanieraz, frantsesez, inglesez, portugesez, arabieraz edo gazteleraz. Euskal Herriko berezko hizkuntza euskara dela adierazi nahi zaie horrela, eta ikasteko aukerak dituztela, sorterriko ohitura, hizkuntza eta kultura baztertu gabe. Informazio orokorraren atalean, erroldatze eta gizarte zerbitzuei buruzko argibideak ageri dira, eta azken orrialdean herri bakoitzeko informazioa. Bertzalde, helburu berarekin 12 bat ekitaldi antolatuko dira UEMAko udalerrietan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun