Euskal Kantuzaleen Elkarteak antolatuta, laster abiatuko da Nafarroako Euskal Kantu Txapelketaren edizio berria. Dagoeneko izena emateko epea zabalik dago eta azaroaren 5a bitarte izanen da horretarako aukera. Interesatuek hainbat bide dituzte izena emateko: Euskal Kantuzalearen Nafarroako egoitzara deituz (948 144706 –9:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00-etara–) edo idatziz (nafarroagaraia@kantuzale.net). Nafarroako edozein irrati euskaldunetan ere eman daiteke izena, gure eskualdean, erraterako, Xorroxin Irratian eta Leitzako Karrape Irratian.
Txapelketako lehenbiziko saioa azaroaren 8an jokatuko da Altsasuko Iortia aretoan. Bigarrena, berriz, Elizondoko Lur aretoan eginen da, azaroaren 15ean 18:00etatik aitzinera, eta final haundia, azaroaren 22an Burlatako Kultur Etxean, ordu berean.
15 urtetik goitikoentzako
15 urtetik goitiko edozeinek parte har dezake lehiaketan, kantari amateurrak baldin badira –salgai dauden grabaketak ekoiztu dituztenak ez–. Bakarka, bikoteka zein taldean (3 partaidetik 10 arte) kantatu ahal izanen dute parte-hartzaileek. Bakoitzak bi alditan aurkezteko modua izanen du kanporaketetan. Aitzitik, finalerako sailkatuz gero, epaileek erabaiko dute zein abestuko duen final haundian.
Aitzineko edizioan bezala, partaide berriei euren meritua gogorarazteko Berrien maila osatuko dute, eta horiek sari berezia jasoko dute. Taldeen parte-hartzeari ere bulkada berezia eman nahi dio Kantuzale Elkarteak.
Sariak
Maila eta modalitate bakoitzeko lehenbiziko biek jasoko dituzte sariak. Baina horiez gain, sari bereziak ere egonen dira, hala nola, sormena edota partaide berrien meritua saritzeko aipamenak.