Udako ekimenen balantze ona egin du Bertiz Partzuergoak

TTIPI TTAPA 2008ko urriaren 10a

Balorazioa ona da, bisitarien kopuruak goiti egin baitu eskualdean. Baztan, Bortziriak, Malerreka eta Xareta aldean ibili diren bisitarien datuak aztertuta, balorazio baikorra egin du Bertiz Partzuergo Turistikoak. Urdazubin eta Baztanen egindako pilotaren inguruko ekitaldiek «harrera ona» izan dute; bisita gidatuek eta feriek ere «emaitza onak» eduki dituzte. Guztien artean, Leurtzako urtegiek izan omen dute eskaririk haundiena eta izandako arrakasta ikusita, urteko bertze sasoietan ere bisitak antolatzekotan dira. Gisa berean, aipatu, Donamariako eta Iruritako jauregietan ere jende andana ibili dela, eta Urdazubi-Baztango Donejakue Bidea ezagutarazteko egindako ibilbideen inguruan ere «balorazio bikaina» egin duela Partzuergoak. Bertzetik, Baztan eta Urdazubiko Udalen ekimenez, uda osoan zabalik egon den turismo bulegoaren arabera, ekainean 305 lagun pasatu ziren bulegotik; uztailean 1.196 (iaz baino guttiago); abuztuan 2.785 (iaz baino % 22 gehiago); eta irailean 530 (iazkoaren bikoitza).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun