Elgorriagako Onddo eta Zizen Kofradiak bere besta egun handia ospatu zuen urriaren 5ean. Aurten, Kofradia sortu zenetik hamabortzgarren urteurrena ospatu zuten eta, urtero bezala, ohorezko kide berriak izendatu zituzten, guztira lau: Leitzako Basakabi jatetxeko Alex Mugika sukaldaria; Nafarroako Gobernuko Gizarte Ongizate Departamentuko kontseilaria den Isabel Garcia Malo; Espainiako Etxebizitza Ministerioko ordezkaritza bete zuen Juan Maria Marin eta Javier Heras mediku traumatologoa. Ohorezko lau kideez gain, Teresa Catalan kofradiako enbaxadore izendatu zuten. Kontuan hartuz emakume hau Zaragozako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan Konposizio eta Instrumentazio katedraduna dela, Galarregik heldu den urterako kofradiarentzat himnoa edo ereserkia konposatzea eskatu zion. Gainerakoan, Salvador Arozarenaren omenez antolatzen den kaxula lehiaketaren ondotik, dastatzeko aukera eskaini zen. Doneztebeko txistulari eta Beti-Alai txarangak eta Zubietako joaldunek Turistaren Eguneko giroa berotzen lagundu zuten beraien doinuekin eta Migeltxo Saralegik harri-jasotze erakustaldia eskaini zuen plazan.