591 langabeturekin, zertxobait beheiti egin du langabeziak Doneztebeko Enplegu Bulegoan

TTIPI TTAPA 2008ko urriaren 10a

Abuztuan goiti egin zuen eta 595 langabeturekin bukatu zen hilabetea

Euskal Herrian eta estatuan langabeziak goiti egin badu ere, eskualdean abuztuko goitirako joera gelditu eta zertxobait beheiti egin du langabetu kopuruak irailean. Zehazki, irail hondarrean 591 ziren Doneztebeko Enplegu Bulegoan izena emandako langabetuak, abuztu hondarrean baino 4 guttiago eta beraz, 600eko muga gainditu gabe. Doneztebeko bulegoaren bitartez 378 kontratu gauzatu ziren irailean, eta horietatik 73 izan ziren mugagabekoak.
Adina eta sexuari dagokionez
25 urtetik goitiko emakumeak dira langabezia gehien jasaten dutenak eta gainera, goiti egin zuen irailean. Irailean 325 ziren langabezian zeudenak eskualdean, abuztuan baino 4 gehiago.

25 urtetik goitiko gizasemeen artean, aldiz, nabarmen beheiti egin zuen langabeziak, 197 gizon baitzeuden lanik gabe, aitzineko hilabetean baino 19 guttiago.
25 urtez beheitikoetan abuztuan baino 12 gizaseme gehiago zeuden lanik gabe, 42 guzira.

Emakumeei dagokienez, aitzineko hilabetean baino bat guttiagok eman zuen izena Doneztebeko bulegoan, 27k guztira. Lan arloei dagokienez, zerbitzuen arloak segitzen du diferentziarekin langabetu gehien biltzen, 353 langabeturekin, baina abuztuan baino 8 guttiago ziren irailean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun