Bertizko Interpretazio Zentro berritua inauguratu dute ortziral goizean

Aitor AROTZENA 2008ko urriaren 10a

La Caixako Javier Aranburu eta Begoña Sanzberro kontseilaria, hitzarmena sinatzerakoan. TTIPI TTAPA

Hitzarmena sinatu dute La Caixak eta Nafarroako Gobernuak, Begoña Sanzberro kontseilariaren bidez

Bertizko Jaurerriko Natur Parkeko Naturaren Interpretazio Zentro berritua aurkeztu dute urriaren 10ean, ortziral goizean. Ekitaldian, Begoña Sanzberro Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria eta Javier Aranburu, La Caixako Negozio Arloko zuzendaria Iruñean izan dira, Fermin Olabe Bertizko Natur Parkeko zuzendariarekin batera. Baztan, Malerreka eta Bertizaranako bertze hainbat udal hautetsi, ONCEko ordezkariak eta bertze hainbat lagun bildu dira Interpretazio Zentro berritua ikustera.

Urtean 80.000 bisitari

Fermin Olabek, Bertizko Natur Parkearen historia llaburra aipatu du. Bertizko Jaurerriaren lehen aipamenak XIV. Mendekoak direla aipatu du eta gaur egun, Nafarroako natur eremu babestu bisitatuena dela. Urtean 80.000 bisitari hartzen ditu Bertizko Natur Parkeak. Segidan, Javier Aranburu La Caixako ordezkariak, Nafarroako Gobernuarekin sinatutako hitzarmenaren berri eman du. Izan ere, La Caixak hiru urterako 3,6 milioi euroko ekarpena egin du Nafarroa osoan natura zaintzeko eta ingurumena babesteko egiten diren ekimenetan.

303.600 euroko aurrekontua Interpretazio Zentroa berritzeko

Bertizko Interpretazio Zentroari dagokionez, erakusketa-materiala erabat berritu da, 303.600 euroko aurrekontuarekin. Kopuru honetatik, %80a La Caixak paratu du eta gainerakoa Nafarroako Gobernuak. Zentzumen-zailtasunak dituztenentzat egoki da zentroa eta gida-liburua euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez argitaratzeaz gain, braille sisteman ere egin da, itsuendako. Interpretazio zentroaren hirugarren solairuan ikusten ahal den ikusentzunekoari dagokionez, azpitituluekin egin da, aditzeko zailtasunak dituen jendearentzat. Begoña Sanzberro kontseilariak aipatu duenez, Bertizko Interpretazio Zentroaz gain, aurten bertze hainbat ekimen eginen dira Nafarroan, La Caixarekin sinatutako hitzarmenari esker. Tartean, Elizondon Txokotoko presan izokinendako eskala egitea dago. Azalpenak eman ondotik, elkarlan hitzarmena sinatu dute Nafarroako Gobernuko kontseilariak eta La Caixako ordezkariak.

Bisita gidatua

Aurkezpen, solasaldi eta sinadura ekitaldiaren ondotik, Bertizko jauregitik Tenientetxeko Interpretazio zentrora joan dira. Bertan, Fermin Olabek bisitaldi gidatua eskaini die joandakoei. Interpretazio Zentroa hiru solairutan banatua dago. Lehenbizikoetan, baso eta oihanei buruzko zenbait azalpen ematen dira. Bigarren solairua, Bertizen batez ere pagoak era haritzak osatzen duen basoaren kudeaketa integralari eskainia dago. Hirugarren solairaun, azkenik, lau pantailen gainean 15 minutuko ikusentzunekoa erakusten da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun