Igande honetan, urriak 19, eginen da Usategietako Igandea

TTIPI TTAPA 2008ko urriaren 10a

TTIPI TTAPA

Eguraldiak laguntzen badu, denbora bateko ohitura mantenduz, goizean goizetik Iharmendiko gainetan hasiko da eguna. Garai batean han izaten zen besta, eta oraindik ere jende aunitz hurbiltzen da Usategietara, harat-honatean ibili eta zorte pixka bat izanez gero, usoak saretan nola harrapatzen dituzten ikustera. Arratsaldean, herrira jautsiko da besta eta 17:00etatik aitzinera kale animazioa izanen da haurrentzat. Detraka taldearen eskutik, Txikiglub emankizuna ikusteko aukera izanen da. Talde hau plazan eta inguruko karriketan ibiliko da hankaluze eta bertzelako panpinekin, musikaz lagundurik. Ondotik, dantzaldia izanen da Joselu Anaiak taldearekin. Urtero bezala, ilunabarreko 8etan Altxata Kultur Elkarteak 12 usoren zozketa eginen du. Lerro hauen bidez, guztiok animatzen zaituztegu Usategietako Igandera etortzera.

Usategietako Igande Bezperako afaria

Aitzineko urteetan afaria frontoian bertan egin bada ere, aurten Anttonion eginen dute gazteek afaria. Izen ematea urriaren 17a baino lehen egin beharko da Elutsan, Herrikon edo Anttonion bertan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun