Euskararen Legea indarrean sartu zenetik 22 urte beteko direnean, eta Nafarroako Gobernuak Euskarabidea sortu duen urte berean, Foru Administrazioak inolako laguntzarik gabe utziko ditu euren ohiko jardunean euskara erabiltzen duten Nafarroako hedabideak. Horixe salatu zuten urriaren 9an Nafarroako euskarazko hedabideen ordezkariek eta haietako aunitz biltzen dituen Nafarroako Topaguneak Iruñean egindako agerraldian.
Aurrekontu murrizke-taren aitzakian, Gobernuak ez du argitaratu ere egin euskarazko hedabideei diruz laguntzeko deialdia, eta horrek kinka larrian jarri du hedabideen bideragarritasun ekonomikoa.
Euskararen Legea ere urratzen duela leporatu diote Gobernuari. Aipatu lege horren hirugarren Tituluaren arabera, Administrazio Publikoa behartua dago «hedabideetan euskararen presentzia sustatzera», eta horretarako, «laguntza ekonomiko eta materiala» bideratu behar du hedabideek euskara erabil dezaten ohiko jardunean eta progresiboki. Horren harira, zera gaineratu dute hedabideetako ordezkariek: «hitz horietan ere inplizituki onartzen denez, euskarazko hedabideek ekarpen garrantzitsua egiten diote Nafarroako Gobernuari: euskararen normalizazio prozesuan funtsezko lana egiteaz gain, gizartea trinkotzeko eta auzoak benetako komunitate bihurtzeko tresna ezin hobea dira hedabideok».
Hedabideen kasuan %100eko murrizketa
2008ko aurrekontuak onartzerakoan, Euskarabideak –Nafarroan euskara kudeatzeko sortu zen erakundeak–, 310.000 euro iragarri zituen helburu horretarako, baina, badirudi laguntza hori bertan behera geldituko dela. Hedabideok adierazi dutenez, diru sarrera horren arabera antolatua zuten urteko aurrekontua, eta «hartu gabe geldituz gero, defizita ekartzeaz gain, euskarazko hedabide aunitzen etorkizuna arriskuan jarriko da».
Egoera ekonomikoa ona ez dela-eta, erabaki du Nafarroako Gobernuak aurrekontuan murrizketa egitea. Baina Euskarabidearen kasuan murrizketa %17koa izan da, eta hedabideena %100ekoa. Aitzitik, Gobernuaren bertze arlo eta departamentuetan murrizketa %4koa izan da.
Egoera, beraz, arras kezkagarria da, eta Nafarroako tokiko hedabideek eskaera zehatza luzatu diote Gobernuari: «lehenbailehen egin dezala hedabideetan euskararen erabilera sustatzeko dirulaguntza deialdia eta bana dezala berez hedabideoi dagokigun 310.000 euroko diru-poltsa hori».
Datu adierazgarriak
Goiko grafikoan dirulaguntzen azken urteotako bilakaera ageri da. Argi ikusten denez, euskara hedabideetan sustatzeari begirako diru poltsa ez da ia hazi 1999tik 2007ra bitartean. Gainera, KPIak urte horietan izandako eragina kontuan hartuz gero, laguntza murriztu egin da: poltsa osoaren zenbatekoa %16 murriztu da prezioen bilakaeraren ondorioz. Eta murrizketa horren barruan, euskarazko aldizkariek jaso duten zigorrik gogorrena; 1999tik 2007ra %62ko galera izan du jaso duten laguntzaren balioak.