Montxo Armendarizen Tasio filmarekin ikusiko zuten aunitzek lehenbiziko aldiz txondorra, eta horrenbertzez, ikatza nola egiten den. Bertatik bertara ikusi, ordea, guttik egin izanen dute. Baina inoiz ez da berandu eta Saran horretarako aukera dago aste honetan. Lizarra aldetik Koldo Aznarez ikazkina etorri da eta txondorrak egiten dihardu Sarako Garbala auzoan. Astelehenaz geroztik hantxe dago eta larunbata bitarte izanen da. Astelehen, astearte, ortzegun eta ortziralean Sara inguruko ikastetxeetatik 5 eta 11 urte bitarteko neska-mutikoak pasatuko dira –guztira Lapurdiko 60-70 ikastetxe gonbidatu dituzte–. Asteazkenean eta larunbatean, berriz, edozein joan daiteke. Horretarako, aitzinetik Sarako Turismo Bulegora deitu behar da, (0033) 559 542014 telefonora. Herriko Etxetik erran digutenez, Saran garai bateko txondorren arrasto andana omen dago, eta horietako batean, Garbalan, dago ikusgai aste honetan txondorra. Duela bi urte egin zuten Olentzero deitu duten ekimen hau lehenbizikoz Saran eta aurten ere berriz antolatu nahi izan du Herriko Etxeak.
Ikatza lanbide izan duen azken ikazkinetako bat da Koldo Aznarez. 45 urteko ikazkina Lizarra aldean (Nafarroa) bizi da eta orain erakustaldiak egiten ibiltzen da herriz-herri. Garai batean, ordea, ikazkinek mendira joan behar izaten zuten, oraingo makineria eta modernitaterik gabe. Hilabeteak mendian pasatu eta han eta hemen txondorrak egiten ibiltzen ziren. Baita Saran ere. Mixel Urbistondo Sarako Herriko Etxeko zinegotziak azaldu digunez, «Saran garai batean anitz egiten ziren. Herriak 1.600 hektarea ditu oihanetan eta nonahi ikusten dira garai batean ikatza egiten erabilitako tokien arrastoak». Orain, baina, ez da ikazkinik gelditzen herrian. Lizuniaga aldean, Ibantelin, Usategietan, Garbalan, Sualmendin... Haritzak eta pagoak zeuden tokiak aukeratzen zituzten Sarako ikazkinek txondorrak egiteko. Kiloka eta kiloka egur mugitu behar izaten dira ikatza ateratzeko. Garai batean, 150.000 kilo egur, erraz. Adibide bat emate aldera, 10.000-12.000 kilo egurretatik 4.000 kilo ikatz inguru ateratzen dira. Baina haizearen eta egur motaren arabera aldatu egiten da kopurua. Behin egurra jaso eta pilatutakoan puskatu egin behar da, mazoarekin. Eta materiala eskura dagoenean, txondorraren egitura egiten hasi behar da: egur puska lodienak azpian, eta meheenak gainean. Egurra paratzean harriak jartzen dira, eta honen gainean adarrak. Egitura antolatzerakoan tximini itxurako bat ere uzten da. Zenbaitzuk lastoa botatzen dute gainera, eta gero, honen gainera lurra.
Egitura egina egonagatik ere, egurra egosi bitartean, ikazkinak txondorrarekin lanean segitu behar du. «Betagarri» deiturikoa sartzen dute orduan, hutsuneak betetzeko. Eta nola nabaritzen da ikatza egina dagoela? Kearen koloreari begiratuta. Kearen kolorea iluntzen denean dago ikatza egina. Horretarako, noski, arreta haundiz egon behar du ikazkinak, txondorra irekiz gero, galduta baitago barrukoa.
Aste guztia Garbalan
Garai bateko ikazkinek bezala, Koldo egur-ikatza egiten ari da Garbalan. 4.000 kilo egur jaso dituzte horretarako eta horretatik 600-700 kilo inguru ikatz lortuko dituzte egin dituzten bi txondorretan. Helburua zein den galdetuta, zera erantzun digu Urbistondok: «gazteei garai batean hemen ikatza nola egiten zen erakutsi nahi diegu». Bide beretik jo du François Pouyet Sarako leizeetako zuzendariak ere: «gure kulturan hagitz inportantea izan den zerbait azaltzea da asmoa».
Goizean zein arratsaldean joan daiteke bisitan, 8:30ean hasi eta 13:00etatik 14:00etarako atsedenaldiaren ondotik, 16:30ean hartuko da azken bisita. Bitarte horretan Koldok azalpenak emanen ditu. Ikazkinaren azalpenez gain, bertzelako informazioa ere eskura izanen dela kontatu digu Pouyetek: «Xan Errotabeherek mitologiari buruzko kontuak azalduko ditu eta Patrick Artolak ingurumenari buruz hitz eginen du».
Sara eta inguruko 60-70 ikastetxeetako 5 urtetik 11ra bitarteko ikasleak gonbidatu dituzte ikazkinaren ondora. Momentuz, Lapurdira mugatu dute eskaintza, baina Pouyetek erran digunez, «aurtengoak ongi funtzionatzen badu, agian hurrengoan Hegoaldeko ikasleak ere gonbidatuko ditugu: Urdazubi eta Zugarramurdikoak...».
HERRIKO LANGINTZA
Sarako dokumentu zaharretan agertu denez, XIX. mendearen akaberan eta XX.aren hasieran Sarako herritarrek bi zeregin nagusi zituzten: ikatza eta ardi ilea. Bi lanabes horiekin lan eginez ateratzen ziren aitzinera saratarrak. Horixe bera berresten du 1898 eta 1903 urteen artean Claude Augé idazle eta editore frantsesak osatu zuen Larousse hiztegi entziklopedikoak. Frantsesez idatzia dagoen arren, zera dio hiztegiak Sarako herriari buruz: «Behe-Pirinioan, Baionatik 28 kilometrora dagoen herria. 1.927 biztanle ditu. Langintza nagusiak: ikatza eta ardi ilearen komertzioa dira». Lehenagoko bertze dokumentu zahar batek, berriz, Sarak 1850. urtean 2.004 bizilagun zituela dio, eta orduko zeregin nagusienak ikatza eta ardi ilea zirela. Biztanleriaren beherakada joera hori Ameriketara artzain jende aunitz joan zelako gertatu zen.