Zugarramurdiko lezeek 29.070 bisitari hartu dituzte uda honetan, uztailetik irailera. Turista kopurua handia izanik ere, joan den urtekoa baino ttikixeagoa da, baina kontuan hartu behar da uda honetan aunitz nabaritu dela krisi ekonomikoaren eragina.
Sorginen Museoan %30 gehiago
Sorginen Museoari dagokionez, aldiz, 2007 urtearekin konparatuz %30ean igo da bisitari kopurua. Aurten, 8.483 sarrera saldu dira udako hilabete horietan eta joan den urtean, epe berean, 5.950 saldu ziren. Aurten, promozio berezien bidez, indar handia egin dute Zugarramurdin lezeak bisitatzen zuen turistak museoa ere bisitatzeko. Honela, 3.816 bisitari sartu dira museoan lezea bisitatu ondotik.
Hilabeteka
Hilabeteka, museoak bisitari gehien izan duen hilabetea abuztua izan da, 4.049 sarrera saldu baitira, iaz baino 728 gehiago. Uztailean 2.578 bisitari izan ziren, joan den urtean baino 1.381 gehiago, baina kontuan hartu behar da iazko uztailean hameka egunez bakarrik ireki zela museoa. Irailean, 1.856 sarrera saldu dira, iazko kopuru berdintsua. Egunean, banaz bertze 85 lagun sartu dira museoan.
Lezeetan %6,5 guttiago
Lezeetako datuen balorazio baikorra egin du, aurten lehen aldiz natur baliabide hori kudeatu duen Zugarramurdiko Garapena SL enpresak. Egia da sarreren kopurua %6,5 jautsi dela iazko udarekin konparatuz. Erran bezala, aurten 29.070 bisitari izan dituzte lezeek eta iaz 31.095 bisitari izan ziren. Jautsiera ttiki hori hilabetez hilabete somatu da. Aurten, uztailean, 8.670 sarrera saldu dira, iazkoan baino 147 guttiago; abuztuan 14.907 bisitari izan dira, iazkoan baino 1.032 guttiago eta irailean 5.493 sartu dira, iazkoan baino 846 guttiago.
Emaitza hauek, krisiaren eta udan egin duen eguraldiaren ondorio direla uste dute Zugarramurdin.