Ohorezko lau kide berriak izendatu zituen igandean Elgorrigako Onddo eta Zizen Kofradiak

ttipi-ttapa 2008ko urr. 7a, 12:34

Elgorriagako Onddo eta Zizen Kofradiako ohorezko kide berriak: Alex Mugika, Isabel Garcia Malo, Juan Mari Marin eta Javier Heras, lehendik ere kofrade diren bertze batzuekin batera. TTIPI TTAPA

Teresa Catalan, berriz, kofradiako enbaxadore egin zuten

Elgorriagako Onddo eta Zizen Kofradiak bere besta egun handia ospatu zuen igandean. Aurtengoan, Kofradia sortu zenetik hamabosgarren urteurrena ospatu dute eta, urtero bezala, ohorezko kide berriak izendatu zituzten. Aurtengoan lau ohorezko kide izendatu ditu Elgorriagako Kofradiak: Leitzako Basakabi jatetxeko Alex Mugika sukaldari handia; Nafarroako Gobernuko Gizarte Ongizate departamentuko kontseilaria den Isabel Garcia Malo; Espainiako Etxebizitza Ministerioko ordezkaritza bete zuen Juan Maria Marin eta Javier Heras mediku traumatologoa.

Kofradiarako himnoa

Egun handirako egitarau zabala prestatua zuen Elgorriagako Onddo eta Zizen Kofradiak. Goizetik, Doneztebeko txistulariek eta Beti-Alai txarangak musika doinuak zabaldu zituzten Elgorriagako bazterretan. Santiago parrokian, hildako bazkide eta laguntzaileen omenez meza izan zuten. Arangurengo abesbatzak kantatu zuen meza. Segidan, Jose Miguel Galarregi, Elgorriagako Onddo eta Zizen Kofradiako presidenteak ohorezko lau kide berrien merituak aipatu zituen. Aipatzekoa da ohorezko lau kideez gain, Teresa Catalan kofradiako enbaxadore izendatu zutela. Kontuan hartuz emakume hau Zaragozako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan Konposizio eta Instrumentazio katedraduna dela, Galarregik heldu den urterako kofradiarentzat himnoa edo ereserkia konposatzea eskatu zion.

Kaxula lehiaketa Salvador Arozarena zenaren omenez

Krisia dela eta, Jose Miguel Galarregik aurten ez omen zien agintariei deus eskatu nahi, baina, halere, onddo eta zizen ibilbidea moldatzeko laguntza eskatu zuen.
Goizeko 11:30etarako hasia zen Salvador Arozarenaren omenez antolatzen den kaxula lehiaketa. Lehiaketa honetan, lehengo eta oraingo kofradeek parte hartzen dute, baita bertze kofradietako kideek ere. Onddo beltza izaten da protagonista nagusia, baina berekin batera, bertze kofradiek ordezkatzen duten produktuak ere sartzen dituzte kaxuletan. Lehiaketa eta gero, nahi duen guziak kaxulak dastatzeko aukera izaten du. Zubietako joaldunek ere, Turistaren Eguneko giroa berotzen lagundu zuten beraien joare soinuekin eta Migeltxo Saralegik harrijasotze erakustaldia eskaini zuen plazan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun