Floren Nazabalek laugarrengoz irabazi du Nafarroako Maila Nagusiko Txapelketa, igandean Etxarri-Aranatzen. Etxarriarrak lehen enborretik hartu zuen probaren burua, eta horrela segitu zuen bukaera arte. Azkenean, 2 minutu eta 56 segundoko aldea atera zion Donato Larretxea bigarren sailkatuari. Bortz aizkolari lehiatu ziren Nafarroako final handian: Floren Nazabal, Donato Larretxea, Juan Jose Lopez, Miel Mindegia eta Antonio Senosiain. Aizkolariek hamar pago-enbor ebaki behar izan zituzten: lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko. Lehen aldiz txapelketa ofizial batean aizkolari bakoitzak bere laguntzailea eduki zuen ondoan, eta hori nabarmentzeko modukoa izan zen, goien mailakoak izan arren, aizkolariei mesedea egiten baitie. Euskal Erriari pilotalekura 300 lagun hurbildu ziren.
Nazabal erraz
Hemezortzigarren Nafarroako Txapelketak, ez zuen neurriz kanpoko lehiarik izan lehen posturako, Nazabalek hirugarren egurrerako (lehen 60 ontzakoa) erakutsi baitzuen txapela janzteko moduan ari zela. Lanerdietarako, berriz, minutu erdiko aldea lortu du Larretxearekiko. Handik aitzinera ere, Nazabalek goiti egin du, erritmoari ongi eutsi dio, eta azkenaurreko enborrean, 2 minutu eta 47 segundoko aldea kendu dio Larretxeari. Horrenbestez, Nazabalek sasoi bikainean dagoela erakutsi zuen herritarren aurrean. 26 minutu eta 32 segundu behar izan zituen Nazabalek lana bukatzeko eta 29 minutu eta 26 segundu Larretxeak.
Hirugarren posturako lehia Lopez eta Mindegiaren artean
Bigarren posturako lehia izan zen lehenik ikusmina sorrarazi zuena, eta probaren bukaeran, hirugarren posturako lehiak. Lan erdietan, Larretxeak minutu erdia kendu zion Mindegiari eta bi minutu terdi pasaxeak Lopezi. Hortik aitzinera, laugarren zegoen Lopezek azkartu egin zuen erritmoa, eta hurbildu egin zitzaion Mindegiari. Ordurako, berriz, Larretxeak aski ziurtaturik zeukan bigarren postua. Mindegiari lehor samarra atera zitzaion bigarren oinbikoa, eta bi ezpaletara ebaki behar izan zuen. Egoera hori baliatu zuen Lopezek, eta azkenaurreko enborrean, 16 segundoko aldea atera zion Lopezek Mindegiari. Azkenean, hirugarren sailkatu zen Lopez. 30 minutu eta 29 segundu behar izan zituen lanak bukatzeko. Aipatzekoa da bigarren erdian, Larretxeak berak baino minutu terdi denbora hobea egin zuela Lezaungoak. Mindegia laugarren izan zen, 31 minutu eta 4 segunduko denborarekin.
Senosiain gibelean
Senosiain lehen 60 ontzakotik hasi zen atzeratzen, eta azken postuan akautu zuen. 38 minutu eta 31 segundutan bukatu zuen lana.