Nafarroan eta estatuan langabeziak goiti egin baldin badu ere, eskualdean abuztuko goitirako joera gelditu eta zertxobait beheiti egin du langabetu kopuruak irailean. Zehazki, irail hondarrean 591 ziren Doneztebeko Enplegu Bulegoan izen emandako langabetuak, abuztu hondarrean baino 4 guttiago eta beraz, 600eko muga gainditu gabe.
378 kontratu
Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez 378 kontratu gauzatu ziren irailean, eta horietatik 73 izan ziren mugagabeko kontratuak.
Adina eta sexuaren arabera
Adina eta sexuari dagokionez, ohikoa denez, 25 urtetik goitiko emakumeak dira langabezia gehien jasaten dutenak eta gainera, goiti egin zuen irailean. 325 dira langabezian daudenak eskualdean, abuztuan baino 4 gehiago. 25 urtetik goitiko gizasemeen artean, aldiz, nabarmen beheiti egin du langabeziak, 197 gizon baitaude lanik gabe, aitzineko hilabetean baino 19 guttiago. 25 urtez beheitikoen artean, aldiz, abuztuan baino 12 gizaseme gehiago daude lanik gabe, 42 guzira. Emakumeei dagokienez, aitzineko hilabetean baino bakar bat guttiagok eman zuen izena Doneztebeko Enplegu Bulegoan, 27k guzira.
Lan arloka
Lan arloei dagokienez, zerbitzuen arloak segitzen du diferentziarekin langabetu gehien biltzen, 353 langabeturekin, baina halere abuztuan baino 8 guttiago dira. Industrian 138 langabetu daude, abuztuan baino 2 guttiago. Eraikuntzan 2 lagunetan goiti egin du langabeziak eta 49 langabetu daude; nekazaritzan ere beheiti egin du langabetu kopuruak, 13 baitira langabetuak, abuztuan baino 1 guttiago. Aitzinetik lanik topatu ez dutenen artean, aldiz, goiti egin du langabeziak irailean, 38 langabetu baitaude eskualdean, abuztuan baino 5 gehiago.