N-121A eta NA-4400 errepideen artean, Etxalarko bidegurutzea arriskutsua dela begibistakoa da. Arrisku hori salatzen ari zen duela bi urtetik honat Etxalarko Eusko Alkartasuna. Honen bitartez, Aitor Etxarri Nafarroa Baiko parlamentariak Etxalarko bidegurutzean segurtasun balizak paratzeko eskaria egin zuen Nafarroako Parlamentuan. Zehazki, Bera aldetik Etxalarrera sartzeko, errepide nagusiko bi karrilen artean geldiaraztera derrigortzen duen STOParen arriskuaz ohartarazi zuen Etxarrik. N-121A errepideko moldaketa lanekin Etxalarrera doazenek bakarrik erabiliko duten bidegurutzea eginen da, baina lan horiek akautzeko oraindik urtebete baino gehiago falta dela kontuan hartuz, gaur egungo bidegurutzearen arriskua saihesteko behin behineko aterabide bat ematea eskatu zuen NABAIk.
Duela bi urte egindako eskaria
Nafarroako Gobernuaren erantzunarekin kontent baldin badaude ere, Etxalarko EAtik jakinarazi dutenez, duela bi urte ere gisako galdera egin zuen Maiorga Ramirezek parlamentuan, baina orduko erantzuna ezezkoa izan zen. EAk dioenez, orduan onartu izan balitz, azken bi urteetan gertatu diren arrisku egoerak ez lirateke gertatu izanen.
Zugarramurdirako errepidea ere moldatzea nahi du Etxalarko EAk
Bertze aldetik, Etxalarko Eusko Alkartasunak oraindik moldatu gabeko bertze afera bat dagoela gogorarazi nahi dio Nafarroako Gobernuari, Zugarramurdiko errepidearen moldaketa, hain zuzen. Gai honen inguruan ere galdera egin da Iruñean, baina ez da oraindik erantzunik jaso. Etxalarko EAk adierazi duenez,“honekin ere lanean segituko dute, bidegurutzearekin egin duten bezala, beraien helburua lortu arte.