Mikologiarekin zerikusia duten ekitaldiak eginen dira aste hondarrean Beran eta Elgorriagan

Goizalde URDANPILLETA 2008ko urriaren 2a

2.740 gramoko onddo beltza topatu dute Etxalarren. TTIPI TTAPA

Onddo eta Zizen Kofradiak antolatuta asteburu honetan ere ekitaldiak izanen dira Elgorriagan. Duela bi aste egindako Kofradien egunean, hameka kofradia bildu ziren eta onddoak prestatu zituzten. Aste hondar honetan, igandean eginen den kofrade berrien izendatzea izanen da ekitaldi nagusia, baina gehiago ere izanen dira.
Larunbatean, urriak 4, Onddoaren Ibilbidea eginen dute eta partehartzaileek gosaria izanen dute Bostorratzen. Elgorriagara bueltan, Juanito Mariezkurrena zenaren omenez egiten den onddo-kaxuela lehiaketa eginen da.

Kofrade berrien izendatzea igandeko Turisten Egunean

Igandea, urriaren 5ean, Turistaren Eguna ospatuko dute eta arestian aipatu bezala, Elgorriagako Onddo eta Zizen Kofradiako ohorezko kide berriak izendatuko dituzte. Hasteko Meza izanen da, Arangurengo Abesbatzak kantatua. Meza ondotik, Elgorriagako Kofradiako ohorezko kide berriak izendatuko dira. Jose Miguel Galarregi, Onddo eta Zizen Kofradiako presidenteak aipatu digunez, Alex Mujika Basakabi jatetxeko sukaldaria, Isabel Garcia Malo Nafarroako Gobernuko Gizarte Ongizate kontseilaria, Espainiako Etxebizitza Ministerioko zuzendariordea den Marin jauna eta Abel Barriola Leitzako pilotaria izendatuko dituzte Ohorezko kide. Barriola Elgorriagan izanen den edo ez, ez dute zehazterik, partiduen arabera erabakiko baitu joatea edo ez. Bertze gainerako gonbidatuak bertan izanen dira.

Onddoak dastatzeko aukera

Kide berriak izendatutakoan, Aurtizko joaldunak ibiliko dira karrikaz karrika, hankapalo ikuskizuna ere izanen da eta Mikel Saralegi harrijasotzaileak bere erakustaldia eginen du. Eguerdian, bertan egindako onddoak dastatzeko aukera izanen da. Txaranga eta txistulariak goiz osoan lanean ariko dira, Elgorriagan besta giroa paratuz.

Berako V. Mikologia Jardunaldiak

Berako Ehiza eta Arrantza Elkarteak antolatuta, bosgarren urtez Mikologiari buruzko jardunaldiak eginen dira ortziral honetatik igandera. Ortziralean, urriak 3, 19:30ean mikologiaren hastapenei buruzko hitzaldia eskainiko du Pedro Arrillaga Anabitarte Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak. 19:30ean izanen da. Larunbatean, urriak 4, goizean goiz hasiko dute eguna. 08:00etan mendira aterako dira onddo bila, Altzateko Plazatik abiatuta. Biltzen diren onddo eta perretxikoak Ehiza eta Arrantza Elkartera ekarriko dira. 11:00etatik 13:00etara Elkartean egonen dira. Igandean, urriak 5, erakusketa izanen da. Onddo eta perretxikoak izanen dira ikusgai, hauek ere Elkartean. 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara egonen da erakusketa zabalik.

2.740 gramoko onddo beltza Etxalarren

Asteazken arratsaldean, urriaren 1ean, ezusteko bisita izan genuen Ttipi-ttapan. Onddo garaian murgildurik gaude, eta dagoeneko sumatu genuen jendea erraten zerbait harrapatzen ari zirela, pare bat kilo edo. Baina asteazkenekoak ziur Guinnes liburuan sartzeko ohoretik ez zela urrun ibiliko. Etxalartar batek 2kilo eta 740 gramoko onddoa aurkitu eta ez hori bakarrik, pieza ikaragarria oparitu bai zuen. A ze tortila ederra egin daitekeen alde honekin ezta

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun