Turismo proiektuak idazteko dirulaguntzak eman ditu Nafarroako Gobernuak

TTIPI TTAPA 2008ko urriaren 1a

Beintza-Labaiengo Aizkoraren Museoa eta Goizuetako aterpe turistikoa tartean

Nafarroako Gobernuak, Kultura eta Turismo Departamentuaren bidez, 571.421 euroko dirulaguntza eman die herrialdeko hamalau udal erakunderi, turismoarekin lotutako proiektuak idazteko edo aurre ikerketak edo bideragarritasun planak egiteko. Dirulaguntza honek, 2008-2011 urteen artean udal erakunde eta kontsortzio turistikoek turismo produktuak garatu ahal izateko inbertsioetarako dirulaguntza deialdiari dagokio. Nafarroako udal erakunde horien artean daude Beintza-Labaiengo eta Goizuetako udala.

Aizkoraren Museoa Beintza-Labaienen

Zehazki, Beintza-Labaienen Aizkoraren Museoa egiteko proiektua idazteko 7.000 euroko dirulaguntza eman du Nafarroako Gobernuak. Garai bateko errotaren barreneko aldea moldatuko dute eta bertan erakusketa aretoa egokituko dute. Aizkoraren munduarekin zerikusia duten edukiak diseinatuko dituzte Beintza-Labaiengo erakusketa-areto horretan.

Lehen mailako aterpe turistikoa Goizuetako Zubi Muxun

Beste aldetik, Goizuetako Zubi Muxu babestutako etxean lehen mailako aterpe turistikoa egiteko proiektua idazteko 19.488 euroko dirulaguntza eman du Nafarroako Gobernuak. Zubi Muxu etxearen beheko aldean, garai bateko labaderoa egokitu dute Goizuetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun