Migel Mari Urrutia erremontelari txapelduna omenduko dute Saldiasen igandean

TTIPI TTAPA 2008ko urriaren 1a

Herri bazkarirako txartelak hartzeko azken eguna ostirala izanen da

Buruz buruko Casino Kursaal Torneoko txapeldun berria den Migel Mari Urrutia erremontelaria omenduko dute jaioterrian, Saldiasen, urriaren 5ean. Irailaren 6an jantzi zuen txapela Urrutia saldiastarrak, txapela janzteko faboritoa zen Zeberio II.ari 29 eta 35 irabazita. Aurreikuspen guztiak gainditu eta ezustea eman zuen finalean eta hori gogoratuko dute igandeko omenaldian.

Goiz goizetik mugimendua

Goizean goizetik nabarituko da mugimendua herrian. 09:00etan txistulariak kalejira ibiliko dira herrian barna eta 11:00etan Meza Nagusia izanen da. Ondotik, 12:00etan afizionatuen arteko partida jokatuko da. 14:00etan herri bazkaria eginen da bertsolariekin eta arratsaldean dantzaldia izanen da. Bazkarira joan nahi duenak aitzinetik hartu beharko du txartela. Toki hauetan daude salgai: Doneztebeko Kafe ostatuan eta Kontxa zerbitzugunean, Saldiasko Herriko Ostatuan eta Leitzako Beatriz ostatuan. Txartelak hartzeko azken eguna ortziral hau, urriak 3, izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun