Raul Castro eta Patxi Mindegia sailkatu dira Euskal Herriko hirugarren malako aizkolari txapelketaren finalerako

Utzitako argazkiak 2008ko irailaren 30a

Jende ugari hurbildu zen hirugarren mailako azken kanporaketa ikustera. TTIPI TTAPA

Igandean jokatu zen hirugarren kanporaketa eta finala

Raul Castro urroztarra eta Patxi Mindegia zubietarra sailkatu dira hirugarren Mailako Euskal Herriko aizkolari Txapelketaren finalerako. Igandean, irailaren 28an jokatu zen txapelketako hirugarren eta azken kanporaketa Urrotzen eta herriko aizkolariak egin zuen denborarik onena. Hala ere, Raul Castrorena finalerako sailkaturiko sei aizkolarien arteko bosgarren denborarik onena izan zen. Horrenbestez, Aitzol Atutxa bizkaitarra, Ander Erasun aurtiztarra, Asier Pellejero aresoarra, Aratz Mugertza gipuzkoarra, Raul Castro urroztarra eta Patxi Mindegia zubietarra ariko dira finalean; urriaren 19an, Altsasun, Nafarroan jokatuko da, arratsaldeko 18:00etan.

Hameka aizkolari

Guztira hameka aizkolari aritu ziren Urrozko kanporaketan, hiru txandatan banatuta. Aizkolari bakoitzak launa kanaerdiko moztu zituen, aitzineko bi kanporaketetan bezala. Lehen txandan, Raul Castro, Xabier Dorronsoro, Joxemari Oiarbide eta Juan Carlos Lopez lehiatu ziren. Castrok hastapenetik hartu zuen probaren burua, eta berak ezarritako erritmoari ongi eutsita, txandako eta kanporaketako denborarik onena egin zuen. Bigarren txandan, berriz, Patxi Mindegia, Jexux Etxeberria, Juanjo Erdozia eta Mikel Matxinandiarena aritu ziren lehian. Patxi Mindegiak moztu zuen bizkorren lehen enborra, eta baita laugarrena ere. Beintza-Labaiengo Jexux Etxeberriak egin zuen kanporaketako hirugarren denborarik onena, baina ez aski finalerako sailkatzeko. Hirugarren txandan hiru aizkolarik jardun zuten; Arkaitz Jauregik, Xabier Ariztegi etxalartarrak eta Esteban Pikabeak. Txanda horretan, Jauregi gazte arabarrak egin zuen denborarik onena, baina ez sailkatzeko adinakoa.

Sailkapena

1. Raul Castro (Urrotz, Nafarroa): 10:27
2. Patxi Mindegia (Zubieta, Nafarroa): 10:39
3. Jexux Etxeberria (Beintza Labaien, Nafarroa): 11:04
4. Xabier Dorronsoro (Zerain, Gipuzkoa): 11:38
5. Arkaitz Jauregi (Ilarduia, Araba): 11:57
6. Juanjo Erdozia (Etxarri-Aranatz): 12:42
7. Mikel Matxinandiarena (Zegama, Gipuzkoa): 12:44
8. Xabier Ariztegi (Etxalar, Nafarroa): 13:10
9. Esteban Pikabea (Gerendiain, Nafarroa): 17:09
10. Joxemari Oiarbide (Zegama, Gipuzkoa): 18:48
11. Juan Carlos Lopez (Oikina, Araba): 20:17

Urriaren 19ko finalean sei finalistatik lau eskualdekoak

Beraz, sei finalistetatik lau nafarrak eta eskualdekoak izanen dira. Dena den, Dimako Aitzol Atutxa izanen da faborito nagusia, berak egin baitzuen kanporaketetako denbora onena, 8 minutu eta 26 segundu. Ander Erasun aurtiztarrak 8 minutu eta 50 segunduko denbora egin zuen; Asier Pellejero aresoarrak 9 minutu eta 34 segundu; Aratz Mugertza mutrikuarrak 10 minutu eta 4 segundu; Raul Castro urroztarrak 10 minutu eta 27 segundu eta Patxi Mindegia zubietarrak 10 minutu eta 39 segundu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun