Oinetakoen moda

TTIPI TTAPA 2008ko irailaren 29a

TTIPI TTAPA

Oinetako moderno eta berritzaileak

Udazken eta negu honetako oinetakoak modernoak eta berritzaileak izanen direla iragarri dute diseinatzaileek. Neguko ohiko koloreetan oinarrituz, manoletinetan aukera zabala izanen da: gorri-more, berde, marroi, beltz… Lokarri, kristal eta bertzelako apaingarri metalikoekin dekoratuta etorriko dira, diseinu berritzailearekin.

Zapatak, botinak eta botak punta borobil edo laukidunak dituztenak izanen dira, eta ispiluaren efektua egiten duten takoiak edukiko dituzte, zilar edo urre kolorekoak. Dena den, takoirik gabeko oinetakoak ere erakusleiho guztietan egonen dira salgai.

Goma zuri-beltza duten plataformak ere ikusiko dira botetan, botinetan zein zapatetan. Eta egun euritsuetarako, ehun iragazgaitzarekin eginak izanen dira.

Motorzaleen estilora hurbilduz, itxura zaharkitua duten larru iluneko bota eta botinak ere ikusiko dira, tatxet, harribitxi edo hebilladunak.

Emakumezkoen artean, areto-zapatak deiturikoak ikusiko dira, orkoi finagoekin, plataformak, takoi altu eta punta zorrotz borobilekin.

Gizonezkoen oinetakoetan, berriz, erosotasuna nagusituko da, eta diseinu klasikoa: lokarridun oinetakoak. Halere, ausartenak diztira eta txarolaren aldeko hautua eginen dute. Egunerokoan erabiltzeko kiroletako oinetakoak erabiliko dira batez ere, marroi, beltz eta gris kolorekoak. Zenbaitetan metalizatuak ere bai.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun