Emakumezkoen moda

TTIPI TTAPA 2008ko azaroaren 21a

TTIPI TTAPA

Emakumezko eta gizonezkoen estiloen arteko nahasketarekin ikusiko ditugu emakumeak: larruzko txamarra, motorzaleen itxura, mao estiloko lepoa duten jantziak

Lila eta aran kolorearen aukera zabala aurkituko dugu merkatuan, baina horiekin batera beige kolorea, beltza eta moratua ere aunitz ikusiko dira. Tulipanen forma duten berokiak ere ikusiko dira, mauketan bolumen haundia dutenak, tweed txamarrak, kardiganak gerrikoarekin…

Egunerokoan, jantzi erabilgarri eta erosoak ikusiko dira, eta tartean bakeroak. Neguan kanpai formako galtzak berriz ere modan egonen dira, baina pitilloak ere ez dira tokirik gabe geldituko. Lehenengoek takoi altu batzuekin altu eta argalagoaren sentsazioa areagotzen dute; bigarrenek, berriz, emakume argaletan ohikoagoak dira.

Dotoreago jantzi nahi den momentuetarako ere aukera zabala aurkituko dugu merkatuan. Hala nola, soineko luzeak eta erromantikoak, bolanteekin. Urre-koloreko osagarriak aukeran, luma arrastoak… Gerri-aldea markatua ikusiko da.

Jantzi izar modura, trikotazko soinekoak proposatu dituzte hainbat moda etxek. Edozein botarekin janzteko aproposak dira, erosoak eta sinpleak. Hori baita azken batean emakumeek nahi dutena, erosoak izatea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun