Udako oporrak bukatu eta irail hasieran hasi zuten haur eta gazteek 2008/2009 ikasturtea. Guztira 4.645 ikaslek ekin zioten ikasturteari Baztan, Bortziriak, Bertizarana, Malerreka, Leitzaldea, Urdazubi-Zugarramurdi, Sara eta Senperen. Hasi ttikienetik eta 18 urte bitarteko ikasle gehiago daude aurtengo kurtsoan matrikulatuta. Gorakada kasu guztietan eman bada ere, batez ere, Haur eta Lehen Hezkuntzan nabaritu da. Haur Hezkuntzan, erraterako, %51,16 egin du goiti matrikulazioak eta Lehen Hezkuntzan %31,36. Gisa berean, aitzineko urteetan Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan izandako beherantzako joera alde batera utzi, eta gorako bidean hasi da ikasturte berria. Konparazioa egiterako orduan, duela sei urteko datuak hartu dira kontuan. Dena den, aipatu, orduan ezin izan zirela Senpere eta Sarako datuak lortu, eta beraz, hori ere kontuan hartu behar da. Hizkuntza ereduei dagokionean, berriz, D eredua da nagusi. Eta ikastetxe bakan batzuk baino ez dira gaztelera hutsez (A eredua) eta gazteleraz eta euskaraz (B eredua) eskaintzen dutenak.
Gurutze PIKABEA Ikasle kopuru absolutuak nabarmen egin du goiti, eta aurten guztira iaz baino 283 haur eta gazte gehiago matrikulatu dira ttipi-ttapak hartzen duen eremuan. Duela zenbait urte ikasle kopurua gainbeheran joan zen. Orain, ordea, badirudi horrek buelta eman duela. Herri ttiki aunitzetan egin du goiti matrikulazioak, eta hori jaiotza tasaren igoeraren ondorioz dator.
Ondoko taulan ageri denez, Nafarroa Garaiko gure eskualdean D eredua da nagusi, euskara hutsean ikasten dutenak, alegia. Baina hagitz bertzelakoa gertatzen da Saran eta Senperen. Euskara hutsean ikasteko aukera ikastolek bakarrik eskaintzen dute eta eredu elebiduna edo frantsesa bakarra eskaintzen duen ereduaren azpitik dago. Edonola ere, poliki-poliki bada ere, euskaraz ikasten dutenen kopurua gorantz doa.
2008/2009 IKASTURTEKO DATUAK
Atxikituta dagoen pdf-an ikusi ahal izango duzue