Nafarroak bortzgarren urtez segidan irabazi zuen irailaren 13an, Donostian, Zazpi Herrialdeen arteko herri-kirol txapelketa.
Nafarroako taldea zen faboritoa eta seigarrenez erdietsi zuen txapelketa, alde haundiz, gainera, 62 puntu lortuta.
Bigarren Gipuzkoako taldea izan zen (53 puntu)
Bizkaikoa hirugarren (49 puntu).
Lapurdi laugarren sailkatu zen (37 puntu),
Bortzgarren Araba (33 puntu),
Seigarren Zuberoa (22 puntu)
Nafarroa Beherea zazpigarren (21 puntu).
Txapelketaren XX. aldia izan zen Donostiakoa, eta 150 kirolarik hartu zuten parte hamar kirol ezberdinetan: sokatira, koxkor biltzea, txinga eramatea, zaku-eramate lasterketa, harri-jasotzea, ingude-altxatzea, lasto-altxatzea, orga jokoa, arpana eta aizkora. Nafarroako taldeari dagokionean, eskualdeko ordezkaritza zabala izan zen.
Harri-jasotzen, Unai Bertiz sunbildarrak ordezkatu zuen Nafarroa eta 33 jasoaldi egin ondotik modalitate honetan irabazle atera zen. Ostolatza gipuzkoarrak ere altxaldi kopuru bera egin zuen, baina horrelakoetan bi kirolarietan guttien pisatzen duenak irabazten du eta Bertizek eraman zuen garaipena. 100 kiloko harriari bi minutuko denboran ahalik eta jasoaldi gehien eman behar izan zizkion.
Txinga- eramate proban leitzar bat aritu zen Nafarroako taldean: Miel Angel Sukuntza. Nafarroa mailan txapelduna dena hirugarren gelditu zen Araba eta Gipuzkoaren ondotik. Guztira 17 untxe eta 22,54 metro egin zituen. 50 kiloko bi txingekin ahalik eta metro gehien egitea zen euren eginbeharra.
Ingude-jasotze proban Josetxo Urrutia leitzarrak ordezkatu zuen Nafarroako taldea eta 18 kiloko ingudeari 87 altxaldi eman zizkion minutu eta erdian. Sailkapen nagusian bigarren gelditu zen.
Lasto-altxatzen ere eskualdeko bat aritu zen Nafarroako taldean eta garaipena lortu zuen gainera. Iñaki Bereau igantziarrak 21 jasoaldi egin zizkion 45 kiloko fardoari, bi minutuko tartean.
Gurdiarekin, berriz, Joseba Petrirena beratarra aritu zen Nafarroarekin. 350 kiloko gurdia hartu eta zeinek bira gehien ematea zen kirolarien lana. Beratarrak hiru bira, 10 laurden eta 1,50 metro egin zituen eta sailkapen nagusian hirugarren gelditu zen.
Sokatiran, azkenik, Nafarroako taldean Amaiur taldeko tiratzaileak aritu ziren. Joxe Urrutia amaiurtarraren aginduetara, Fermin Iparragirre, Toni Uharte, Iñaki Iriarte, Juan Mari Irigoien, Joxemi Bengoetxea, Esteban Mendiburu, Agustin Ariztia, Mieljoxe Ariztia eta Joxe Antonio Iriarte aritu ziren. Bengoetxea kenduta –hau Zugarramurdikoa da–, gainerakoak baztandarrak dira. 640 kilotan zortzi tiralari aritu ziren eta ligaxka sistemaren bitartez, talde guztiak denen kontra aritu ziren. Sailkapen nagusian Amaiur taldekoak hirugarren gelditu ziren, nagusitasunez aritu zen Bizkaia eta ederki moldatu zen Lapurdiko taldearen gibeletik.
Gainerakoan, aipatu, koxkor biltzen Nafarroa izan zela bizkorrena; ingude altxatze proba Bizkaiak irabazi zuen; lasto eta harri-altxatzen Nafarroa atera zen garaile; txingak garraiatzen Araba izan zen hoberena; gurdiarekin Zuberoa; zakuarekin Nafarroa; arpanarekin Gipuzkoa; aizkorarekin Nafarroa eta sokatiran, azkenik, Bizkaia. Honek tiraldi guztiak bereganatu zituen.
XX. edizioa Donostian jokatuta, heldu den urtean Nafarroak hartuko du Zazpi Herrialdeen arteko txapelketaren lekukoa.