Mendi Bizikleta Ibilaldiz beteriko asteburuak izan dira Bortzirietan azken hauek. Lehena Igantzin jokatu zen irailaren 14an; bigarrena irailaren 21ean Lesakan eta hirugarrena irailaren 28an Beran.
Igantzin, 23 kilometro
Igantziko Biltoki Elkarteak antolatuta, mendi bizikleta ibilaldiaren XVIII. edizioa egin zen irailaren 14an. Saio ez konpetitiboa izan zen eta 52 txirrindulari elkartu ziren irteera puntuan, 23 kilometroko ibilbideari aitzin egiteko prest. Aurpegi ezagun aunitz ikusi ziren tartean: kadete mailako Nafarroako txapelduna den Aitor Begino igantziarra; Ciclos Iñaki taldean ari den Joxe Mari Goia herriko txirrindulari beteranoa; Beñat Txoperena junior mailan mendi bizikletan Nafarroako txapeldun eta errepidean Caja Rural taldean ari den igantziarra; jautsieretan Nafarroako, Euskal Herriko eta Espainiako txapeldun izan den Xabi Telletxea igantziarra edo urtetan mendi bizikletan eta ziklokrosean aritutako Juan Carlos Garro. Horiez gain, maila apalagoan aritzen diren bertze hainbat txirrindulazale ikusi ziren.
Helmugan, nahiz eta sailkapen ofizialik ez izan Joxe Mari Goia herritarra izan zen lehena. Bigarren postua bertze igantziar batek lortu zuen, Biltokiko Aitor Almandozek, eta hirugarrena Joxe Mari Goiaren taldekide batek eskuratu zuen: Urko Munduatek.
Bertzalde, helduek ibilbide luzea egiten zuten bitartean, ttikienek ere mendi bizikletarako afizioa zutela erakutsi zuten, herrian barna egindako ibilbidean. 15 neska-mutiko atera ziren eta ibilbide guzia asfaltatua zenez, ez zuten lohi haundiegirik hartu. Hauek ere ez zuten konpetiziorik, baina jakina, irabazteko gogoa bai. Halere, gurasoek eta ikusleek txaloz berdin-berdin saritu zituzten lehenbiziko sailkatutakoa eta azkenekoa. Txaloez gain, bertzelako sariak ere banatu zizkieten antolatzaileek neska-mutikoei.
Lesakan bi ibilbide aukeran
Igantzikoaren ondotik, Lesakak hartu zuen lekukoa. Beti Gaztek antolatutako Lesakako mendi bizikleta ibilaldia irailaren 21ean egin zen. 94 parte-hartzailek eman zuten izena eta bi ibilbide izan zituzten aukeran, 25 eta 36 kilometrokoak. Hau ere ez zen proba lehiakorra izan. Ibilaldi honi buruzko xehetasun gehiago Lesakako kronikan, 9. orrialdean, aurkituko dituzue.
Beran hiru ibilbide aukeratzeko
Irailaren 28an Beraren txanda izan zen eta Berako Mendi Bizikleta Ibilaldiaren XVI. edizioa jokatu zen. Aitzineko aldietan bezala, txirrindulariek hiru ibilbide izan zituzten aukeran: 28 kilometrokoa, 16 kilometrokoa eta 5ekoa ttikienentzat. Hau ere ez zen ibilaldi lehiakorra izan eta denborak ez ziren kontuan hartu. Lerro hauek idazterakoan oraindik ez genuen lasterketaren nondik norakoen berririk eta hurrengo alean kontatuko ditugu xehetasunak. Dena den, aipatu, joan den urteko edizioak inoiz baino parte-hartze haundiagoa izan zuela, 114 lagunekin.