Aurten ere ederki pasa dira herriko bestak. Larunbatean denborak ez zuen lagundu, baina hortik aitzinera eguzkia izan zen nagusi. Igandea izan zen dudarik gabe egun arrakastatsuena herritarren eta kanpotarren artean. Karrozen desfileak ikusmina piztu zuen urte guziz bezala, eta milaka lagun bildu ziren plazako errebotean. Ahate jokoak ere ez zuen hutsik egin, eta herriko zaldunek ohiturari segida ematen jakin zuten. Bezperan, Sara Korrikak lasterketa antolatu zuen, eta iaz bezala Fernado Etxegarai beratarrak irabazi zuen 37 minutu eta 52 segundoko denborarekin. Ondotik Rafa Maritxalar lesakarra arribatu zen. Horrek 38 minutu eta 40 segundo behar izan zituen ibilbideak dituen 10 kilometroen betetzeko. Patxi Iratzoki igantziarrak osatu zuen podiuma. Asteazkeneko kabalen txapelketan animalia politak ikusi ahal izan ziren. Txapelketa handia ez bada ere, herriko laborari andanak parte hartu zuen. Behi gorritan Panpi Elizalde Elordiakoak irabazi zuen, idi gorritan, berriz, Jamatit Labordek. Esnerako behietan Hauziartzea eta Hauziartzeko Bordako Lagunarte ustiapen elkarteak aurketu zuen animaliarik politena, eta behi beltzetan Ozkoidik. Ardiei dagokionez, Patrick Iribarrenek irabazi zuen txapelketa, eta behorretan Ramuntxo Agirrek.