Nafarroako Gobernuko Etxebizitza eta Lurralde Antolamenduko Departamentuko kontseilaria den Carlos Esparzak eta Miguel San Miguel Doneztebeko alkateak herriko Plan Orokorra egiteko hitzarmena sinatu dute. Plana egitea 150.000 euro kostako da eta Gobernuak %80 subentzionatuko du. Horrez gain, Jarraipen Batzordea ere osatu dute udal ordezkari eta Gobernuko teknikariek: Miguel San Miguel alkatea, Gloria Arregi, Joaquin Duque, Ainhoa Irizar eta Rafael Araujo. Aurrekontuaren barne ingurumean izan dezakeen eraginaren azterketa ere sartzen da. Horrekin erregimen hidraulikoa eta uholdeak saihestea hartu nahi da kontuan. Gainerakoan, Plan Orokor horretan Udalak hiru helburu finkatu ditu: batetik, Oteizako meandroaren planifikazioa egitea. Herriko lurzoru erreserba estrategiko nagusia eta Nafarroa Atlantikoan erreserba nagusietako bat dela iritzita. Hortik abiatuta, eremuak hainbat erabilera izan ditzake: industria erabilera, Legasan Arcerlor enpresa dagoen lurretatik hurbil (hala, bi industria eremuen azalerak batuz gero, inguruko industria eremu haundienetako bat osatuko litzateke); toki eta eskualde mailako industria erabilera, herriaren beharrei aitzin egiteko eta etorkizunean inguruko herri nagusia izan dadin bultzatzeko; eta azkenik, herriko udal eskaintza osatzeko erabilerak. Bigarren helburua urbanizatzeko egokiak diren eremuak mugatzea da, herriguneko zenbait karrika urpean gelditzeko arriskua dagoela kontuan hartuta, eta eremu horietan urbanizazio lanak egin ahal izateko baldintza egokiak finkatzea. Hirugarren helburua etxebizitza beharrei buruzko azterketa egitea da, batez ere, babes publikoko etxebizitzen eskariari buruzkoa.