Euskararen Eguna prestatu dute urriaren 11rako Zubietan

TTIPI TTAPA 2008ko irailaren 29a

Bertzeak bertze, erakusketa, herri kirolak, bazkaria eta antzerkia izanen dira

Bertze urte batez segidan, Euskararen Eguna antolatu dute zubietarrek urriaren 11rako. Egun osoko egitaraua antolatu dute, larunbat goizean hasi eta hurrengo eguneko goizaldera arte.

Goizean, 10:30etik aitzinera, herriko artisauek euren lanak erakusgai paratuko dituzte: egurra, jertseak, zeramika eta bertzelako gaiak nola lantzen dituzten ikusteko modua izanen da. Erakusketa 12:00ak arte egonen da zabalik. 11:30ean joaldunen txanda izanen da eta karriketan barna ibiliko dira joare soinuekin bazterrak alaitzen. Eguerdian, 12:00etan, herri kirolak izanen dira eta ondotik herri bazkaria eginen da.

Arratsaldean herriko ttikienak izanen dira protagonistak. 17:00etan hasita antzerkia izanen da eurentzat. Egunari behar bezalako segida emateko, berriz, afaria eginen da 22:00ak aldera eta gauerditik aitzinera Garraxi musika taldearekin dantzaldia izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun