Eguraldi kaxkarra izan arren, 52 joaldun bildu ziren irailaren 13an ospatu zen Joaldunen Egunean. Duela 25 urte, 1983an egin zen lehen aldiz Joaldunen Eguna eta gehienbat joaldun zaharrak omentzeko asmoz sortu zen.
10:00etan 36 joaldun eta herriko trikitilariak Amezti auzoan baserriz baserri ibili ziren. Beraien ibilbidean hainbat geldialdi egin zituzten, baserritarrek prestatutako pintxo goxoak dastatu eta beraiekin hitzordu goxoak eginez. Gazteenak Amezti auzoan zeuden bitartean, Lasaga auzoan eta herrian ibili ziren. Eguerdi aldera, Ameztitik herrira jautsi eta joaldun guztiak elkartu ziren, denetara 52. Joaldunek lazo beltza jarri zuten herrian zendutako guztien omenez. Plazara iritsi zirenenan joaldun guztientzat, sorpresak iristen joan ziren: lehenik Ander Eratsunek enbor bati 25 ebaki eman zizkion txalaparta doinuen laguntzarekin eta ondotik, herriko bi gazteek aurreskua dantzatu zuten.
Ondotik, taula gainetik hitz batzuk eskaini zituzten Maider eta Joxe Marik. Hasierako urteak gogora ekarri zituzten eta antolatzaileek herritarren parte-hartzea eskertu zuten. Aipamen berezi bat egin nahi izan zioten Arroseneko Perikori. Bera joaldun izan zen, eta gainera, orain 32 urte aizkora apustu bat egin zuten lau herritarretako bat izan zen. Aurtengoan, bere tokia Rafaelek bete zuen. Omenaldia aizkoran arituz egin zuten eta horrez gain, oroigarri bat eskaini zioten Arroseneko familiari. Miel Mindegia bertan zela aprobetxatuz, berak eman zuen.
Saio bukaeran oroigarria jaso zuten parte hartu zuten aizkolariek. Segidan Xabier Amuriza eta Jon Maia bertsolarien txanda izan zen. Periko omenduz Amurizak koadro bat esku artean hartu eta bertan idatzitako bertsoa kantatu zuen Maiaren laguntzarekin. Eguerdian 250 lagun bildu ziren plazan jarritako karpan familia eta lagun artean bazkaltzera. Arratsaldean Mikel Salaberri akordeoilariak eta gauean Joselu Anaiak taldeak giro paregabea jarri zuten egunari amaiera emateko.