Itturrondo Elkarteak antolatuta Urriruko besta larunbat honetan

TTIPI TTAPA 2008ko irailaren 29a

Aurten ere ez da herri kirol saiorik faltako larunbat honetako Urriruko Bestan TTIPI TTAPA

Bortzgarren edizioa izanen da aurtengoa

Bostgarren urtez, Itturrondo Elkarteak Udalaren laguntzarekin, Urriruko besta antolatu du larunbat honetarako, urriaren 4rako. Arratsaldean emanen zaio hasiera bestari:
17:00etan inguruko artisauek euren lanak erakusgai paratuko dituzte plazan.
18:00etatik aitzinera Iturengo Joaldunak karrikaz karrika ibiliko dira giroa alaitzen.
Beranduago, 19:00ak aldera, aizkora apustua eta harri jasotzailearen saioa izanen da.
Goizean goiz, 06:00-etan, prestatzen hasitako afariaren txanda etorriko da ondotik. Goizaldetik erretzen dagoen aretzea dastatzeko aukera izanen da. Kanalean 270 kilo pisatzen dituen aretzea prestatuko da, eta 21:00etarako prest egonen da. Aurten karpa batean eginen da afaria. Aretzeaz gain, salda, piperrada, entsalada, fruta, gazta, irasagarra eta edariak sartuko dira afariko prezioaren barne. 300 lagunentzako otordua izanen da.
Afaltzeko tenorean, zozketa eginen da Nafarroa eta Beintza-Labaiengo produktuekin.
Antolatzaileek herritar nahiz kanpokoei bestan parte hartzeko gonbita luzatu diete.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun