Uso-denboraldia hastearekin batera, urtero bezala, turista eta bisitari parrasta etorriko dira Iharmendiko gainera, parajeak ikusi eta Usategietako ehizatzeko modu tradizionala ezagutzera. Hauetan pentsatuz, azkeneko urteetan bezala, bisita gidatuak paratu dira martxan, ibilaldi bereziekin eta Usategien inguruko informazio osatuarekin. Urriaren 1etik hasita, azaroaren 20ra arte, egunero izanen dira bisitak, astetartez goizetan, eta aste hondarretan goiz eta arratsaldez. Ordu puntuetan izanen da aukera bisitak egiteko eta telefono bat ere paratu dute hitzordua aitzinetik hartu nahi dutenentzat, 690 267756 (Laura). Pertsona bakoitzak 4 euro ordainduz egiten ahalko du ibilbidea, eta 10 lagunetik goitiko taldean joanez gero, 3 eurotan bakoitzak. Bisitak euskaraz eta gaztelaniaz izanen dira, aukeran.