Ehiza postuen enkantean hika-mika frankorekin hasi da aurtengo ehiza sasoia

TTIPI TTAPA 2008ko irailaren 29a

Aspaldiko urteetako diru-kopururik ttikiena lortu du Udalak, 42.280 euro

Urriaren lehenean hasi zen aurtengo ehiza sasoia eta, aitzinetik, urtero bezala, ehiza postuen subasta egin zen. Aurtengo enkanteak katramila dexente ekarri ditu, ehizturiak ez baitira ados agertu Udalak hartutako hainbat erabakirekin. Horiek medio, lehenbiziko subastan, irailaren 6an, enkantean ateri ziren 22 postuetatik 15 bakarrik hartu zituzten. Ehizturiek euren haserrea erakusteko, ez zuten postu bakar baten irteerako prezioa hobetu, eta postu guztiak ateratako diru kopuru berean hartu zituzten. 7 postu eman gabe gelditu ziren.

Ehizturiek aste beteko epea zuten postuei sesta emateko eta postu bakarrari eman zioten, 24 zenbakidunari. Irailaren 16an egin zen bigarren subastan sesta emandako postu hori eta eman gabe gelditu ziren bertze zazpiak atera ziren berriro enkantean. 24. postuaren irteerako prezioa 1.007 eurokoa zen, baina enkantea bukatutakoan 3.064,83 eurora altxatu zuten prezioa. Irteerako prezioa 3 aldiz hobetu zen.

Eman gabe gelditu ziren postuak berriro ateri ziren subastan eta denak hartu zituzten bi izan ezik, 4. sarea eta 21. postua. Horregatik, aurten Udalak subastatik aterako duen diru kopurua azken urteetako baxuena izan da, 42.280 eurokoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun