«Mingarria da haurra zenbat kosta zaigun entzutea; ez da erosten»

TTIPI TTAPA 2008ko urriaren 3a

Zuzen KARRASKEDO AFADENA Nafarroako Adopzio Familien Elkartekoa TTIPI TTAPA

• Nafarroako Adopzio Familien Elkarteak (AFADENA) Beraien begiraden mundua izeneko erakusketa eduki du zabalik berriki Doneztebe eta Elizondon. Laster Lesaka edota Beran zabalduko dutela iragarri dute.

• Zuzen Karraskedo elizondarra elkarteko kidea da eta bikoteak eta biek Ceutako mutiko bat dute adoptatua.

• Gaian interesatuek Zuzenengana jo dezakete, 606 896843ra deituz. Elkarteko bazkide izateko sei euro ordaindu behar dira hilean.

Nolatan sortu zen AFADENA?

Adopzioa egiteko tramiteekin eta behin haurrak hemen daudela sortzen diren beharrekin familiei laguntzeko sortu zen. Hasieran familia gutti ginen baina poliki-poliki gehiago sartu gara eta egun 60 bat gaude barrenean. Ea gehiago izatera iristen garen.

Helburua gehiago zabaltzea da...

Hala da. Nafarroan gutti goitibeheiti 700 bat familia izanen dira adopzio prozesuan edo haurrak ekarri dituztenak. Eskualdeka, ordea, Iruñerrian dago zentralizatua elkartea. Lizarra aldean ere hasi gara hedatzen, eta inguruan ere gauza bera egin nahi dugu. Familia kopuru jakin batekin, Iruñera joan gabe hemen gauza andana egin ditzakegu.

Zein helburu ditu Elkarteak?

Informazioa eman eta herrialdez herrialde zein tramite egin behar diren adieraztea da helburu nagusia, administrazioaren aitzinean laguntzea. Horrez gain, familien artean topaketak egiten ditugu, baita hitzaldiak eta tailerrak ere. Aunitz gara adopzio prozesutik pasatu garenak eta esperientziak elkartrukatzea ona da elkarri laguntzeko. Nafarroako Gobernuarekin ere lanean ari gara, hezkuntza protokolo bat lantzeko. Izan ere, orain arte, nazioartetik ekarritako haur bat bere adinekoekin sartzen zen ikastetxean, hemengo hizkuntza ezagutzen ez duela eta agian bere herrian hezkuntzarik jaso ez duela kontuan hartu gabe. Orain kasu bakoitza aztertuko dutela agindu digute. Liburutegi bat ere badugu, adopzioari buruzko liburuekin.

Adopzioaz ari garela, Txina, Kolonbia... datozkigu burura, baina estatu mailakoa ere izan daiteke...

Bai, nazio mailan ere adopzioak egin daitezke eta gure kasua horietako bat da. Gure semea Ceutakoa da. Nafarroan sortu eta utziak izan diren haur adoptatuak ere badira. Gainera, estatura kanpotar aunitz sartu delako, adopzio nazionala azkartu egin da. Edonola ere, nazionala erranagatik, Senegalgo azal beltzeko bat toka daiteke.

Zeinek ematen ditu buruhauste haundienak?
Nazioartekoak. Bietan egokitasun ziurtagiria eskuratu behar da, Nafarroako Gobernuak eskatzen dituen baldintzak betez: hitzaldi batzuetara joan, galdetegi bat bete... Gurasoen perfila aztertzen dute eta ikastaro horietatik ziurtagiri bat ematen dute. Horrez gain, herrialde bakoitzak bere baldintzak ditu: Errusiara, adibidez, hirutan joan behar da, Kolonbiara behin... Haurraren sorterriak markatutako segimendua ere egin behar da: psikologoak haurra ikusi eta txostenak igorri behar ditu jaioterrira.

Psikologikoki eta ekonomikoki gogorra da?
Psikologikoki batez ere luzea da. Eta ekonomikoki gastua den arren, mingarria da haurra zenbat kosta zaigun entzutea. Haurrak ez dira erosten, ez saltzen. Tramiteak, bidaia eta hango egonaldia dira ordaintzen direnak. Haurra besoetan hartzen duzunean, aitzinetik pasatutakoa atzendu egiten da, momentu zoragarria da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun