Mariezkurrena kamioi gidaria konpetiziora itzuli da

ttipi-ttapa 2008ko irailaren 25a

Ekaineko istripuaren eta udako geldialdiaren ondotik, irailean berriz ere konpetitzen ari da Mariezkurrena. Argazkian, Le Manseko proban ageri da eta telebista irudietan, Belgikan. TTIPI TTAPA

Belgika eta Le Manseko probetan kamioia egokitzen aritu da

Uda gogorra izan da aurtengoa Javier Mariezkurrena kamioi gidariarentzat eta Ederki eskuderiako mekaniko eta laguntzaileentzat. Ekainean Frantziako Nogaro zirkuituan istripua izan zuen Mariezkurrenak eta ondorioz, kasik uda guzia eman behar izan dute kamioia moldatzen eta berriz ere lasterketetan parte hartzeko moduan jartzen. Lan hori luzea izan da eta aitzinetik parte hartzeko asmoa zuen bi lasterketetan ez zuen parte hartzerik izan Doneztebeko taldeak. Horietako bat, gainera, Alemaniako sari nagusia bereziki garrantzitsua zen Doneztebeko gidariarentzat eta eskuderiarentzat, baina ezin denean ezin.

Irailaren 13 eta 14an Belgikan

Halere, udako lan luzeak bere saria izan du eta irailaren 13 eta 14ko asteburuan Belgikako Sari Nagusian parte hartu zuen Javier Mariezkurrenak. Larunbatean, zenbait arazo izan zituen kamioiak, batez ere lasterketa baino lehen probatzeko aukerarik izan ez zutelako. Kamioia, beraz, ez zegoen punttu-punttuan, eta gainera, euriak ez zuen sobera lagundu. Direkzioan arazoak izan zituen, baita suspentsioan eta frenoetan ere. Honenbertzez, kamioia ongi-ongi prestatu gabe zegoen eta lehenbiziko egunean ez zuten gauza handirik egin. Larunbateko bigarren saioan, gainera, laugarren itzulian erretiratu behar egin zuten, bazter batean hartutako kolpearen ondorioz, dardara handia egiten baitzuen kamioiak. Hagitz egun gogorra izan zen Mariezkurrena eta bere taldearentzat.

Balio handiko puntua

Igandean zertxobait hobetu ziren kontuak. Hasteko, eguzkitsua izan zen eta horrek beti animo gehiago ematen die gidariei eta ikusleei ere. Guzira 35.000 ikusle bildu ziren zirkuituan. Lehenbiziko lasterketan itxura hobea ematen zuen kamioiak, nahiz eta azeleratzerakoan gibeleko aldea sobera mugitzen zen. Hamalaugarren postua eskuratu zuen Mariezkurrenak igandeko lehen lasterketan. Kopako bigarren lasterketan, berriz, meritu handiko hamargarren postua lortu zuen, gogor borrokatu ondotik. Azelerazio arazoak erabat moldatu gabe zeudela kontuan hartuz, bere inguruan zituen kamioiekin borrokatu behar izan zuen Mariezkurrenak hamargarren postu horrek ematen zuen puntua lortzeko. Puntu horrek moral handia eman dio talde osoari, Europako karrera-kamioien hamar lehenbizikoen artean, Top Ten horretan sartzeko helburuan. Helburu arras zaila da, baina hortan saiatuko dira Javier Mariezkurrena eta Ederki tailerreko eskuderia.

Irailaren 20 eta 21ean Le Mans-en

Irailaren 13 eta 14ko asteburuan zirkuituetan berragerpena egin ondotik, aste hondar honetan Frantziako Le Mans zirkuitu famatuan egindako probetan parte hartu zuten Javier Mariezkurrena kamioi gidari doneztebarrak eta Ederki tailerreko eskuderiak.
Ekainean izandako istripuaren ondotik, berriz ere kamioia orduan zuen punttuan jartzen segitzen dute poliki-poliki. Beraz, bi asteburutan segidan lasterketak izan dituzte eta Zolderren ondotik, bi egun bertzerik ez dituzte izan kamioia ahal den neurrian prestatzeko. Bi egunetarako lan handia pilatu zaie Ederkiko mekanikoei: karrozeriak izandako kalteak moldatu, hautsitako autoblokantea konpondu, mantenimendu mekanikoa egin eta bertze.
Larunbat goizeko karreran eguzkia izan zuten, baina eguraldi frexkoarekin. Gauzak ez ziren gaizki joan Mariezkurrenarentzat, nahiz eta Konovalov-en 5 zenbakidun MAN TGA kamioiarekin kolpetxoren bat izan. Halere, Mariezkurrenak hamabigarren postuan akitzea lortu zuen. Bigarren lasterketan, aldiz, ez zuen suerterik izan eta bihurgune batean, Janiec-en 22 zenbakidun Renault-ak Mariezkurrenaren kamioia kolpatu zuen eta hiru itzuli beranduago lasterketa utzi egin behar izan zuen doneztebarrak. Aitzineko ardatzak dardara handia egiten zuen eta kamioia paddock-ean sartuta mekanikoek aitzineko amortiguadorea hautsia zegoela ikusi zuten. Beraz, gau osorako mekanika eta karrozaria lana izan zuten Ederki eskuderiakoek.
Igandeko karrerarako moldatu zen kamioia. Lehenbiziko itzulietan borroka handia zegoen Mariezkurrenaren multzoan ibiltzen diren kamioien artean, baina bihurgune batean Doneztebeko kamioia eta bertze hiru atera ziren errepidetik. Kamioi batek izan zuen istripua, baina bertze hiruak berekin eman eta lasterketatik kanpo utzi zituen. Beraz, bigarren karrerarako korrika eta presaka lan egin behar izan zuten mekanikoek, bertzeak bertze direkzio-kajari eusten dioten tornilloak, motorearen errefrigerazio sistemaren mangitoak eta aitzineko nahiz bazterreko kolpetik babestekoak hautsiak baitziren. Bigarren karrerarako juxtu-juxtuan prestatu zen kamioia eta azken aurreko postuan atera behar izan zuen Mariezkurrenak, 24. lekuan. Irteera ona egin zuen Doneztebeko gidariak eta postuak pixkanaka hobetuz joan zen, hamahirugarrenean akautu arte. Horrekin konformatu beharko, berriz ere autoblokantea hautsi baitzuen kamioiak eta bertze zenbait arazo ere izan baitzituzten. Beraz, badirudi bolada txarrean dagoela taldea, baina pixkanaka istripuaren aitzineko mailara ailegatzea du helburu orain.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun