Emakume Baserritarren XVII. Topaketa eginen da asteburuan Bertizen

Gurutze PIKABEA 2008ko ira. 24a, 14:55

Maider Azkarate aniztarra Emakume Baserritarren Topaketako antolaketa taldean buru-belarri dabil. TTIPI TTAPA

EHNE-Nafarroa sindikatuak eta COAG erakundeak antolatu dute

“Nekazal Sindikalismoa eta Emakumeak: Aukera bat” lelopean Emakume Baserritarren hamazazpigarren Topaketa Estatala eginen da irailaren 27an eta 28an Bertizko Natur Parkean. EHNE-Nafarroa sindikatuak eta COAG erakundeak antolatutako ekimena da eta iragarri dutenez, Euskal Herriko emakume baserritar eta abeltzainez gain, kanpotik ere hurbilduko dira. Jardunaldi hauetaz eta emakume baserritarren egoeraz gehiago jakiteko, Maider Azkarate baztandarrarekin izan gara solasean.

«Emakumea betidanik ari da lanean baserrian eta etxean»

Orokorrean, baserrian gero eta jende guttiago ari dela lanean uste du Maiderrek. Baserriko lana gizonezkoena bezala hartu du beti, baina emakumea betidanik baserrian nahiz etxean aritu dela aipatu digu, Gaur egun baserritik bizitzeko inbertsio handiak egin behar direla dio Anizko abeltzainak. Teknologia berriak ere baserrietara iristen ari dira eta hori gaurko egunean konpetitzeko nahitaezkoa dela uste . Emakume Baserritarren Topaketari dagokionez, urtero-urtero antolatzen dela aipatu digu Maiderrek eta aurtengo hamazazpigarren edizio hau gure inguruan egitea suertatu da. Nekazaritzan zein abeltzaintzan emakume eta gizonezkoen eskubideen berdintasuna aldarrikatzeko topaketa izanen dela azpimarratu nahi izan du.

Egitarau zabala

Helburu horrekin bi egunetako egitarau osoa prestatu dute antolatzaileek. Larunbatean, goizeko 9:00etan ongi etorria egin eta dokumentazioa banatuko zaie partehartzaileei. 10:00etan topaketaren inaugurazioa ekitaldian parte hartuko dute Virginia Aleman Baztango alkateak, Itziar Huarte Bertizaranako zinegotziak, COAG koordinadorako Belen Verdugok eta EHNEko Eva Lopez de Arroyabek. 10:20ean hitzaldi nagusia emanen du Sindicato Labrego Gallegoko Carmen Freirek, nekazal sindikalismoa eta emakumeei buruz. 11:15ean bertze hitzaldi interesgarria izanen da landaguneko emakumeen parte-hartzeari buruz. Alicia Sturtze soziologo eta idazlea izanen da hizlari. Eguerdiko atsedenaldiaren ondotik, 12:30ean bertze hitzaldi bat izanen da. Isabel Lisak abeltzain eta sindikalista gazte baten ilusioa etorkizunera begira azalduko du. 13:00etan eztabaida irekia eginen da hitzaldiei buruzko zalantzak argitzeko, galderak egiteko edo elkarrekin solasteko. 13:30ean tailerrak prestatuko dira, parte-partzea, lan eskubideak, baserri eta ustiategietako arazoak gainditzeko ideia eraginkorrak eta landaguneko zerbitzuak aztertuz. Arratsaldeko 16:00etan naturaren gaien mistika, antzerkia eta lau tailerren hasiera izanen da. 18:30ean Baztan eta Ultzamako bi ustiategira bisita eginen da eta afaldu aitzinetik, umore-bakarrizketa Donamariako frontoian. 21:30ean afaria izanen dute Donamariako Herriko Ostatuan.

Igandean itxiera ekitaldia

Igande goizeko 10:00etan agurtzeko dinamikarekin jasiko dira, topaketaren ondorioak aterako dituzte eta eguerdian itxiera ekitaldia eginen da. Bertan, Begoña Sanzberro Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen kontseilariak eta COAG koordinadorako Rosario Arredondok hartuko dute parte. 13:00etan hazien elkatrukea eginen da eta agurra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun