Doneztebeko Plan Orokorra idazteko hitzarmena sinatu dute udalak eta Nafarroako Gobernuak

Utzitako argazkiak 2008ko irailaren 23a

Miguel San Miguel Doneztebeko alkateak eta Carlos Esparza Etxebizitza eta Lurralde Antolaketa kontseilariak sinatu zuten hitzarmena joan den ortziralean. TTIPI TTAPA

Oteiza auzoan industria eta etxebizitzen planifikazioa eginen da

Nafarroako Gobernuko Etxebizitza eta Lurralde Antolamenduko Departamentuko kontseilaria den Carlos Esparzak eta Miguel San Miguel Doneztebeko alkateak herriko Plan Orokorra egiteko hitzarmena sinatu zuten irailaren 19an.

150.000 euro kostako da eta %80 Nafarroako Gobernuak ordainduko du

Plana egitea 150.000 euro kostako da eta Gobernuak %80 subentzionatuko du. Horrez gain, Jarraipen Batzordea ere osatu dute udal ordezkari eta Gobernuko teknikariek: Miguel San Miguel alkatea, Gloria Arregi, Joaquin Duque, Ainhoa Irizar eta Rafael Araujo. Aurrekontuaren barne ingurumean izan dezakeen eraginaren azterketa ere sartzen da. Horrekin erregimen hidraulikoa eta uholdeak saihestea hartu nahi da kontuan.

Hiru helburu

Gainerakoan, Plan Orokor horretan Udalak hiru helburu finkatu ditu: batetik, Oteizako meandroaren planifikazioa egitea, herriko lurzoru erreserba estrategiko nagusia eta Nafarroa Atlantikoan erreserba nagusietako bat dela iritzita. Hortik abiatuta, eremuak hainbat erabilera izan ditzake: industria erabilera, Legasan Arcerlor enpresa dagoen lurretatik hurbil (hala, bi industria eremuen azalerak batuz gero, inguruko industria eremu haundienetako bat osatuko litzateke); toki eta eskualde mailako industria erabilera, herriaren beharrei aitzin egiteko eta etorkizunean inguruko herri nagusia izan dadin bultzatzeko; eta azkenik, herriko udal eskaintza osatzeko erabilerak.
Bigarren helburua urbanizatzeko egokiak diren eremuak mugatzea da, uholdetan herriko zenbait karrika urpean gelditzeko arriskua dagoela kontuan hartuta, eta eremu horietan urbanizazio lanak egin ahal izateko baldintza egokiak finkatzea.
Hirugarren helburua etxebizitza beharrei buruzko azterketa egitea da, batez ere, babes publikoko etxebizitzen eskariari buruzkoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun