Nafarroako buruz buruko txapelketan emaitza onak lortu dituzte Errekako pilotariek

TTIPI TTAPA 2008ko irailaren 23a

Nafarroako buruz buruko pilota txapelketako zenbait partida jokatu dituzte aste honetan Doneztebeko Erreka elkarteko pilotariek. Honela, jubenil mailan, irailaren 16an, Unai Iparragirre aranztarrak 18 eta 7 irabazi zion Txarutako Antton Jauregiri Labriten. Larunbatean, berriz, Arbizun jokatu zuen Iparragirrek eta 18 eta 11 irabazi zion Zugarraldeko Loban-i. Beraz, Nafarroako txapelketako bi koxka gainditu ditu aranztarrak. Irailaren 20an, larunbatean, berriz, jubenil mailako bertze kanporaketan, Beñat Oronoz lesakarrak 18 eta 7 irabazi zion Bi-Aizpe elkarteko Eñaut Iraolari. Arbizuko pilotalekuan, Errekako jubenil mailako bi pilotarien arteko norgehiagoka jokatu zen eta beraz, ezin biek pasatu! Azkenean, Mikel Kanpo iturendarrak 18 eta 7 irabazi zion Imanol Juanena urroztarrari.

Kadete mailan

Kadete mailari dagokionez, Mikel Maia lesakarrak hirugarren koxka ere gainditu zuen larunbatean Labriten, Aldabideko Agirreri 18 eta 14 irabazita. Beraz, Agesta, Lumbreras eta orain Agirre gainditu ditu Maiak, bere defentsa bikaina eta buru hotzari esker. Lodosan igandean jokatutako partidan, aldiz, Errekako Irail Zestauk 7 eta 18 galdu zuen Irutzungo Idoaterekin. Zestau ong hasi zen, baina gero ez zuen bere egunik onena izan eta kanporaketetan hori ordaindu egiten da.

Uharteko lau terdiko txapelketa

Uharteko lau terdiko txapelketan, senior mailan, Errekako Imanol Mitxelena aranztarrak 22 eta 15 irabazi zion Aurrerako Lansalot leitzarrari.

Heldu den astebururako partidak

Heldu den asteburuko partidei dagokienez, kadete mailan Nafarroako buruz buruko txapelketako partida jokatuko du larunbatean, irailaren 27an, Mikel Maia lesakarrak. Labriten, arratsaldeko 5etan Burlatako Zugarraldeko Mayans izanen du arerio. Jubenil mailan, Nafarroako buruz buruko txapelketako zenbait kanporaketa jokatuko dira larunbat goizean Irurtzunen. Honela, Beñat Oronoz lesakarra eta Irurtzungo Pazos izanen dira aurrez aurre. Mikel Kanpo iturendarrak Lizarrako San Miguel elkarteko Etxeberria izanen du aerrio eta Unai Iparragirre aranztarra eta Irurtzungo Ansotegi ariko dira nor baino nor. Igande goizean Labriten, berriz, Unai Madariaga urroztarak bere lehen kanporaketa jokatuko du Olaztiko Sutegiko Mayoren kontra. Bere ezker zoragarria baliatu beharko du berriki Itziarko gazte mailako lau terdiko txapelketa irabazi duen Madariagak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun